Arroako autobiderako lotunea maiatz bukaerarako irekitzea aurreikusi dute

Baleike 2018ko apirilaren 30a

Erreka bideratzeko lanak ari dira egiten errepideko zorua konpondu baino lehen. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Lotunea ireki ondoren, biribilgunea eta behin-behineko sarrera jatorrizko formara lehengoratzeko lanekin jaraituko dutela azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

AP-8 autobiderako Arroako sarrera-irteerako lanak azken fasean sartu direla jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Joan den abenduaren 1ean bidezorua hondoratu eta zulo handi bat agertu zen AP-8 autobideak GI-631 errepidearekin bat egiten duen biribilgunean; orduz geroztik, trafikoa Sansinenea industriagunetik desbideratu behar izan da autobidearekin lotura egiteko. Otsailaren 19an hasi ziren errepidea konpontzeko lanak eta gaur jakinarazi du Bidegik maiatz amaierarako bukatuko dituztela.

Aldundiak azaldu duenez, Arroaerreka bideratzeko 24 modulu trinkoekin osatutako kajoia instalatu dute; modulu guztiak jarri ondoren, gaur egun obraren albotik doan behin-behineko kanalizazioa kenduko dute eta erreka bide berritik bideratuko da. Lau metroko zabalera, lau metroko altuera eta 36 metroko luzera ditu bide berriak.

372.900 euroko aurrekontua dute lanek, BEZa gehitu gabe. Aldundiak emandako datuaren arabera, egunean bataz beste 10.200 ibilgailu igarotzen dira Arroako autobidearen lotunetik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide