Beethovenen 7. sinfonia eta eta Rodrigoren Concierto de Aranjuez aukeratu ditu orkestrak Zumaiako Nazioarteko XXXIV. Musika Jaialdiko kontzerturako. Solista lanetan Carmen Becerra gitarrajolea izango da. Orkestra zuzentzen, berriz, Zumaian aurrez ere egon den Fernando Velazquez bizkaitarra. Orkestra zuzendaria baino ezagunagoa da, agian, pelikuletarako konposatutako musikengatik. Bereak dira, beste beste. J.A. Bayona zuzendari kataluniarraren El orfanato, Lo imposible edo Un monstruo viene a verme pelikuletako musikak.
Sapere Aude Sinfoniettaren emanaldiak badu, ordea, beste berezitasun bat: behin antolakuntza gastuak estalita suertatu litekeen gainerako dirua AFAGI elkarteari emango zaio. AFAGI Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartea da. Erakunde pribatua da, eta bere helburua gaixotasun edo baldintza hauek dituztenen bizitza kalitatea hobetzea da. “Memoria galtzea gertatu litekeen gauzarik okerrenetarikoa da, ez baldin bada agian okerrena”, adierazi dute orkestrako kideek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, abuztuko proposamen artistiko hau aurrera eraman ahal izateko, Jaialdiko antolakuntzak aurrekontuaren zati bat jarriko du, eta gainerakoa dohaintza, sarreren salmenta eta bestelakoen bidez lortu beharko da. «Honela, proiektu honetarako edozein laguntza izugarri eskertuko da», diote orkestratik.
Dohaintzak orkestraren webgunearen bidez egin daitezke. “Bakoitzari iruditzen zaion eta gustoko den dohaintza eginez egin daitezke ekarpenak; bai bakarkakoak, edota taldekoak, zein enpresak eta ekarpenaren arabera, SASen web orrialdean edo kontzertuaren esku-egitarauan laguntzaile bezela azaldu daiteke nahi izanez gero”.