ETAren desegitea (erreakzioak)

Jon Maia: "Garai berriak hizkuntza, jarrera eta adostasun berria eskatzen ditu"

Baleike 2018ko mai. 4a, 21:01

Jon Maia.

Epe motzean, biktima guztien erreparazioak eta presoek sakabanatzeari amaiera jartzeak dute lehentasuna Jon Maiaren iritziz. Gatazkaren muina konpontzeko, erabakitzeko eskubidean ikusten du irtenbidea.

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
Gaurkoa egin beharreko pauso bat izan da. Duela urte batzuk idatzitako gidoian zegoen. Alde bakarreko gidoia izan da, beste aldeak ez duelako berea bete. Lehenago egin balitz hobe, baina ez da erraztasunik egon. 2011n hartu zuen ETAk erabaki nagusia, emotiboena. Gaurkoa desagertze ofiziala da, eta denok pozik egotekoa da, gatazkaren muina konpontzeko pausoak ematen lagunduko duelako. Gatazkaren sintomarik bortitzena desagertu da, baina gatazkak hor segitzen du.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Gatazkaren ondoriok hor daude eta arreta jarri behar zaie. Epe motzean, lehentasuna dute biktima guztien erreparazioak eta presoen sakabanaketak. Epe ertain-luzera begira, gatazkaren arrazoiak konpontzeko erabakitzeko eskubidea da irtenbidea. Bestetik, uste dut berritu beharko ditugula orain arte fosildutako automatismo asko. Denok dauzkagu eroritako zubiak, bai politikan, bai bizitza pertsonalean. Horiek konpondu egin behar dira, eta horretarako denok dauzkagun aurreiritziak deseraiki behar dira. Garai berriak hizkuntza berria, jarrera berria, adostasun berria eskatzen ditu, eta lan hori daukagu aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide