ETAren desegitea (erreakzioak)

Xabier Garmendia: "Ideiak ezin dira inposatu"

Baleike 2018ko mai. 4a, 21:02

Xabier Garmendia.

EAJko zinegotzi ohi Xabier Garmendiak ez du baikortasunerako arrazoi askorik ikusten etorkizunera begira. Elkarlanean zintzotasunez eta arduraz hasteko premia ikusten du. 

Zer esanahi izan du zuretzat gaurko egunak, zer balorazio egiten duzu?
Gaurko egunak, orain urtebekoarekin desberditansunik ez du, ez ta gehiegi ere orain hamar urtekoarekin, niri dagokidanez. Garrantzi gehiegi eman izan zaio borroka armatuaren gaiari, sakoneko arazoak herriaren izenean gutxiengo batek proiektu politiko bat inposatzeko asmoa eta herri honekiko atzerriko inposaketa asmoak izan direnean, eta asmo horiek berdin jarraitzen dute, nire ustez. Herri borondatea eta ideiak ezin dira inposatu, ez bertatik ez kanpotik, eta gatazka honek tinko dirau oraindik, borroka armatua aurreko helburuetarako tresna huts bat delarik, honegatik uste dut sakonean gauzak gehiegi ez direla aldatu.

Aurrera begira, zer espero dezakegu?
Aurrera begira, gure herri honek bere buruaren jabe izateko, zintzotasunez eta arduraz elkarlanean hasteko beharra nabaria da, orain hamar urte zen bezalaxe. Tamalez, herri honetako politikagintza kutsatuegi ikusten dut horrelako zerbait gertatu dadin. Herri bezala hemendik 50 edo 100 urtera zer izan nahi dugun zintzoki eztabaidatzeko ez asmo, ez gogorik, ez imintziorik ez dut ikusten, eta honek galbidera eramango gaituen beldurra dut. Zintzotasunez esanda, ez dut uste gure herriaren egoera hobetuko denik denok seriotasun gehiagorekin hartzen ez badugu etorkizunak ekarriko diguna, eta hau zaila ikusten dut orain arteko erakunde politikoak bizirik dirauten bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide