Anistasun funtzionala duten herritarrei zuzendutako aisialdi zerbitzua prestatu du Udalak

Baleike

Atozte izeneko programa edo aisialdi zerbitzua jarriko du abian Udalak aniztasun funtzionala duten herritarrei zuzenduta. Horreb berri emateko bilera informatiboa egingo du maiatzaren 11n, 19:00etan hasita, Brankan.

Zerbitzu honen helburua aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorako gazte zein helduei aisialdi, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzea da, besteak beste, haien autonomia bilakaera garatu, familia giroan edota gizartean oro har elkarbizitza egokia lortzeko gaitasunak hartu, edota herriko ekintzetan haien parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko.  

“Atozte” programa aniztasun funtzionala duten lagunei eskainia badago ere, programa horren baitan boluntario sare bat bultzatu nahi da aisialdi aukerak pertsona hauei zein haien senitartekoei zabaltzeko. Herriko elkarte, talde edota eragileei parte hartzeko aukera ere zabaltzen zaie aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako ekintza berriak diseinatu eta sustatzeko edota ekintzak antolatzeko orduan pertsona horiek ere aintzat hartu ditzaten.

Ostiralean, hilaren 11n, bilera egingo da Brankan. Udalak parte hartzera gonbidatzen ditu aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorakoak zein haien senitarteko edota interesa duten herritar guztiak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide