Zubiaundiaren inguruko hitzaldiarekin hasiko da asteazkenean ZIIZen zikloa

Baleike 2018ko maiatzaren 7a

Nahiz eta azken urte hauetan ezagunagoa den turismo edo ingurmen gaingatik, Zumaiak lotura estua izan du historian zehar industriarekin. Sektore honi lotutako herria izan da hau: zementugintza, makina-erreminta edota motorren fabrikazioa izan dira Zumaiako ekonomiaren pilareetako batzuk.

Hori hala izanda ere, tamalez, industria-ondarearen arrastorik ia ez da geratzen herrian. Pixkanaka, herri honen historiaren zati izan diren garabiak, fabrikak edo bestelako elementuak eraitsi egin dituzte, eta, gaur egun, eraikin gutxi batzuk besterik ez dira geratzen zutik. Narrondo auzoan dauden zementu fabriken labeak eta tximiniak izango dira, ziur aski, Zumaiako historia oparo horren aztarna bakarrak.

Historia hau zaintzea, gordetzea eta dibulgatzea dago ZIIZ (Zumaiako Industria-ondarearen Informa Zentroa) taldearen arduren artean. 2009an sortu zenetik, Zumaian izan diren, eta geratzen diren enpresen dokumentazio lan itzela egin du. Hori guztia ziiz.eus webgunean jaso dute. Panel informatiboak ere jarri dituzte fabrikak izandako guneetan ere. Taldearen bederatzi urte luze hauetan hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte. Maiatza honetan zehar egingo diren hiru hitzaldiak zerrenda luze horri gehituko zaizkio.

Etzi hasita, maiatzeko lehen hiru asteazkenetan industria-ondareari lotutako hiru hitzaldi izango dira Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan (19:00etan hasita). Industria-ondarea zaindu eta babestu du izenburua ziklo honek.Berez, Narrondoko La Zumayana zementu fabrikari buruzko hitzaldi batekin hasi behar zuen zikloak, baina hizlariak dituen arazoak direla medio, bertan behera geratu da hitzordu hura. Haren ordez, Urola ibaia zeharkatzen duen burdinezko zubiaz hitz egingo du Joaquin Carcamo Martinezek bihar. Zumaiarrek Zubaundia bezala ezagutzen duten azpiegitura hau izan zen Urolaren erribera batetik bestera oinez edo autoz igarotzeko aukera bakarra. Trafikoaren hazkundearekin, zaharkituta geratu zen eta bere alboan beste zubi bat eraiki zuten, zubi berria. Burdinezkoa hainbat urtez abandonatuta egon zen, eta orain hamarkada batzuk sendotu, txukundu eta oinezkoentzakoa bihurtu zuten. Hizlaria, aparejadorea, eta industria-ondarearen eta euskal herri-lanen ekintzaile zibiko-kulturala dena, zubi honen balioaz arituko da.

Zumaian ekoizten zen zementuak bazuen ezaugarri bat berezia bihurtzen zuena: itsasoko urarekiko eta igeltsua duen urarekiko erresistentzia zuen. Aizarnako meategietan lortzen zen lignitoaren bidez lortzen zuen ezaugarri hori. Lignitoari eta Ibañarrietako tuparen inguruan arituko da Aitziber Gorrotxategi historialaria maiatzaren 16ko hitzaldian.

Hilaren 23an, berriz, Victor Manuel Egia neumologian doktorea izango da Zumaian. Industria-ondarearen inguruan Nafarroan egindako lanen berri emango du. 

Hitzaldiak

Maiatzak 9. Un puente superviviente: el valor patrimonial del puente de hierro de Zumaia. Hizlaria: Joaquín Carcamo Martinez.

Maiatzak 16. Aizarnako lignitoa eta Ibañarrietako tupa ‘iraulika’-ren ekoizpenean. Hizlaria: Aitziber Gorrotxategi Eizagirre.

Maiatzak 23. El Patrimonio Industrial. ¿Olvido, desconocimiento o desinteres? Hizlaria: Victor Manuel Egia Astibia. Non. Hitzaldiak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan egingo dira, 19:00etan hasita.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide