Negozioa aitarena zen, eta gero nirea izatera pasa zen. 18 urte nituela atera nuen gidatzeko baimena eta soldaduska amaitu ondoren hartu nuen negozioa. 22 urte nituen orduan, eta 63 urterekin hartu dut erretiroa. 41 urte ibili naiz lan honetan, eta aitak beste 20 bat egingo zituen. Guztira, 60 bat urtean aritu gara negozio honetan.
Ez dakit ziur aita noiz hasi zen errekadista lanetan, baina ni jaio baino zertxobait lehenago izango zen. Aurretik aseguru saltzailea izan zen, eta Yeregui Hermanosen ere egin zuen lan. Hasieran, joan-etorriak trenean egiten zituen, Zumaia eta Donostia artean. Horrela ibili zen 15 urte inguru, lehen furgoneta erosi zuen arte. Nire lehengusu batek, Jesus Mari Merinok, soldaduska amaitu zuenean erosi zuen aitak furgoneta, eta hura hartu zuen txofer.
Aitarekin batera beste errekadista batzuk hasi ziren garai berean. Zarautzen bazen bat, baita beste bat Deban ere, Aldamar izenekoa; Azpeitiko Campos orduan ez bazen hasi, ez zen urruti ibiliko. Zumarragan eta Beasainen ere baziren. Denak trenean ibiltzen ziren eta egunero 15 bat errekadista juntatzen ziren Donostian. Zumaian bazen beste errekadista bat, Asentxio Linazisoro, baina hark Zumaia eta Bilbo arteko lanak egiten zituen.
Denbora tarte honetan, denetik egin dugu. Altzariak ekarri, dokumentazioa ekarri..., denetik. Arrautzak, txanpiñoiak, halako gauzak ere ekartzen zituen aitak. Kafea ere bai, Donostiatik hemengo taberna batzuentzat. Orain karneta momentuan ematen dute, baina bizitza osoan ibili gara gu karnetak, pasaporteak edo gidatzeko baimenak ekartzen. Enpresen tramiteak ere egiten genituen: altak eta bajak eman, Merkataritza Ganberara paperak eraman, Industria Sailera... Horrelako agiriak eramaten eta ekartzen aritu gara. Aurrekoan, Lagun Artean egon nintzen, despeditzen. Nik ekarriko nuen, seguruenez, lehen paketea Donostiatik Lagun Arteara; lehen tramitea ere gure bidez egingo zuten. Aitaren garaian Banco de Vizcayako dokumentazioa eramaten zuen, baita La Voz de Españako kronikak ere. Kadukatzen zirenean, Itsas Komandantziako balak ere geuk eramaten genituen Donostiara, baita berriak ekarri ere. Lehen egiten genuen beste lan bat zen arropa ekartzea. Hori oso normala zen. Aitari esaten zioten, adibidez, igandean Donostian izan zirela eta zapata polit batzuk ikusi zituztela, eta ea ekarriko zituen. Jantzi, ondo ez eta beste neurri bat behar bazuen, aldatu egiten zituen.
Gure basea Sorazuren denda zen, Sanjuaniturri aurrean. Aita sorazutarren iloba zen, eta enkarguren bat bazegoen, jendea dendara joaten zen. Ni ikasle nahiko txarra nintzen, eta Aita laguntzen hasi nintzen. Enpresako Teknikoaren ikasketak egiten hasi nintzen, eta lehen urtearen ondoren, dudan nengoen jarritu edo ez. Uda horretan Jesus Mari lehengusua oporretan zegoen, baita ni ere, eta aitak kolpe handi bat hartu zuen buruan. Ordurako askotan ibilita nengoen negozioan, eta aitaren lekua hartu nuen. Soldaduska 1976an amaitu nuen, eta ordutik bakarrik aritu naiz lan honetan.
Donostialdean egin dut gehienbat lan. Beti esan izan dut: ez dakit nire furgonetak zenbat kilometro egingo zituen, baina inoiz ez naiz joan Debara errekadista; Azkoitira ere ez, eta Azpeitira uste dut behin. Irunera, berriz, bizitza osoan, agian, 15 aldiz joango nintzen, eta Tolosara inoiz ere ez. Nire eremua oso mugatuta zegoen: Andoain, Hernani, Urnieta, Pasaia, zonalde hori. Garai batean Itziarrera ere hasi nintzen joaten, baina utzi egin nuen, ez nintzelako heltzen. Eskualdean, gehienez, Zestoara, Iraetara, Aizarnazabalera joango nintzen. Bestela, beti, Donostiarantz: Zarautz, Orio... eta beti errekadista lanetan. Nik arau bat izan dut beti, eta izan da bezero txikiak ere zaintzea. Bezero txiki batek ez dezala esan ez diodala zerbitzurik eman. Enpresa garrantzitsuekin egin dut lan: GKN, Lagun Artea, Bombas Azcue; Egurko eta Urpe ere bai, bere garaian. Horiek bezero garrantzitsuak nituen. Baina inork ez zuen esango ez niola enkargurik egin enpresa handi batentzat lanean ari nintzelako.
Ez mugatzea izan da nire politika. Garai batean oso itota egon nintzen Guascorrentzat lan egiten. Renfeko trenera paketeak eramaten nizkien, baina Zumaiatik oso berandu ateratzen nintzen, eta, askotan, Donostian, fakturatzeko ilara handiak izaten ziren. Tentazioa izan nuen arratsaldeetan lan horiek bakarrik hartzeko, gero beti larri ibiltzen nintzelako, baina ez nuen egin, eta eskerrak. Izena aldatu zuten batean, Dresser Rand izatera pasa zirenean, arduradun batek deitu zidan esanaz ni ez nintzela haien gogokoa, bazutela beste garraiolari bat, eta dena harekin egingo zutela. Hori beste inongo arrazoirik gabe. Beste lanak utzi izan banitu, lan txiki horiei muzin egin izan banie, ezer gabe geratuko nintzen. Hori pasa zaie enpresa bakarrarekin lan egiten duten garraiolari askori. Ez dizute inongo arrazoirik emango; egun batetik bestera esango dizute “Hau bukatu da”. Enpresentzat ez gara ezinbestekoak, eta autonomoak bagara, orduan eta lotura txikiagoa.
60 urtez aritu gara goizez eta arratsaldez paketeak ekartzen. Aita Zumaiara 14:10ean iristen zen, eta gauean 20:45ean. Adinean aurrera egin zuenean, ez zen arratsaldeetan joaten; Donostian zegoen batek egiten zizkion enkarguak. Lehen, larunbatetan ere lan egiten genuen. Lanean hasi nintzenean, 19:30-20:00ak aldera bukatzen nuen, baina azkenaldian 18:00-18:30ak aldera bukatu izan dut, eta ostiral arratsaldeetan ez naiz joan.
Gauzak aldatzen joan dira eta konpetentzia sartzen joan da. Guretzat konpetentzia oso handia Langarri enpresa izan da. Garraio enpresa bat da. Bazeuden gehiago, adibidez, La Guipuzcoana, orain DHL dena. Oso erraza zen furgoneta bat izanda lan honetan hastea; segituan emango zizuten lizentzia errekadista aritzeko. Furgoneta izatea iraultza izan zen guretzat. Ni hasi nintzenean paketeak uzteko bi leku edo zentro zeuden Donostian. Han paketeak hartu eta hona ekartzen genituen. Baina gauzak aldatzen joan ziren, eta dendari asko beraien dendatik pasatzeko eskatzen hasi ziren paketeak emateko. Gero, telefono mugikorrak agertu zirenean, bi zentro horiek itxi egin zituzten. Aldaketa handiak izan dira, eta Internet sartutakoan, lan asko galdu dugu.
Gero eta garraiolari gehiago dago, eta errekadista gutxik jarraitzen dute. Negozioa Zarauzko batek hartu dit, Inaxio Lopetegik. Lasaitua hartu dut; aurrez ere aritua da negozio honetan, eta ez diot ezer erakutsi behar izan. Zarauzko errekadista izateaz gain, Zumaia ere berak hartu du. Zarautzen bada beste errekadista bat, bi Tolosan eta Azpeitiko Camposek ere jarraitzen du; Debako Aldamar, berriz, gehiago da garraiolaria errekadista baino. Ez dut uste Donostiako erdigunean sartzen denik. Ofizioa galduko ote den? Ez, oraindik gauza batzuetarako behar dira errekadistak. Denda baterako materiala oraindik errekadista batek ekarriko dizu. Erretiratu arte Hizkuntza Eskolako matrikula pila bat eraman dut nik. Badaude oraindik gauzak zuzenean egin behar direnak.
“Korrika egitea irtenbide garrantzitsua izan da”
Jende askok esan izan dit ea nola nuen posible korrika egitea lanorduak amaitu eta gero. Batek baino gehiagok esan dit “Gaur lan gutxi egin duzu, hala bazabiltza!”, eta bati baino gehiagori erantzun diot berriro jaio beharko lukeela nik egiten dudan lana egin eta gero korrika egiteko! Korrika egitea irtenbide garrantzitsua izan da. Astegunetan bizpahirutan egiten nuen korrika. Denbora askorik ez nuen Ikastolako juntakoa eta zine klubeko kidea ere banintzelako. Gero, bai, larunbatetan eta igandeetan serio egiten nuen. Nire aurretik izan zen jendea korrika egiten zuena, baina, saltakarako kalean txandala janzten lehena izan nintzen.
Federatuta, lehen proba 15 urterekin egin nuen, eta azkena 55ekin. Interno izan nintzen La Sallen eta harekin atera nuen lehen fitxa. Eskolatik irtendakoan Atletico San Sebastianen sartu nintzen eta amaierara arte han egon nintzen. Hura izan da nire kluba. Oraindik segitzen dut, baina lasai, mantso-mantso. Korrika egitea oso garrantzitsua izan da da, psikologikoki erlaxatu egin nau.
_content.jpg)