“Edonor izan daiteke gai bizitza bat salbatzeko”

Baleike 2018ko maiatzaren 8a

Lehen sorospenen ikastaroak egingo dira eskualdeko zenbait herritan, Foru Aldundiak eta Mankomunitateak antolatuta. Zumaian egin zen lehena, eta Getarian, Orion eta Aian, eta Zarautzen egingo dira datozen asteotan. Bizitza bat salbatzeko zer egin daitekeen erakusten dute saio hauetan. 

Makina bat pelikulatan eta telesailetan ikusi ditugu sendagileak, desfibriladoreen bidez, hilzorian dauden pertsonei deskarga elektrikoak ematen, eta, hamargarrenean bada ere, pertsona horiek heriotzatik bizitzara ekartzen. Baina, bizitza errealean gai izango al ginateke desfibriladore bat erabiltzeko? Gure aurrean norbaiti bihotza geratuko balitzaio, zer egiteko gai izango ginateke? Halako kasu bat gertatu ezkero zer egin behar dugun erakusteko lehen sorospenenen ikastaro sorta antolatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko herri batzuetan. Lehen saioa Zumaian egin zen pasa den larunbatean, Eusebio Gurrutxaga plazan, eta hurrengoak Getarian (maiatzaren 12an), Aian eta Orion (maiatzaren 19an), eta Zarautzen (maiatzaren 26an) egingo dira.

Maniki batzuen bidez, larrialdi kasu batean nola erantzun beharko genukeen erakutsi zuten zerbitzu hauetan lanean aritzen diren kideek. Bai bihotza geratzen denean, eta baita, adibidez, arnasbideen buxadura bat dagoenean ere. Ikastaro hauen antolakuntzan hainbat elkartek hartu dute parte: Zarauzko Babes Zibilak, Gurutze Gorriak, DYAk, SOS deiakek edota Osakidetzak, hurrenez hurren.

“Bat-bateko heriotza kasu batean lehen minututik egin behar da zerbait. Ikastaro hauen helburua hori herritarrei azaltzea da”, adierazi zigun Dani Alonsok, Osakidetzako kideak. “Denok dakigu 112 telefono zenbakira deitzen. Baina, anbulantzia etorri arte zer egingo dugu? Agian gure herriko anbulantzia une horretan okupatuta dago, eta beste herri batekoa etorri bitarteko minutu horiek funtsezkoak dira. Transmititu behar dena da halako kasu batean zerbait egin behar dela, hobe dela zerbait egitea ez ezer egitea baino”, gaineratu zuen Alonsok.

Desfibriladoreak hurbil

Osakidetzako kide honen esanetan, bat-bateko heriotza bat izan eta 8-10 minutu igaro eta gero bihotzak oraindik erreakzionatzen die deskarga elektrikoei. “Minutu horiek pasa eta ez bada ezer egiten, zaila da egoerari buelta ematea”. Halako kasu baten lekuko izan ezkero, zer pauso eman behar diren erakutsi zituzten. “Lehenbizi estimuluei erantzuten dien ikusi behar dugu. Sorbaldatik hartu, astindu eta hitz egin. Geldirik badago, ez badu erantzuten, seinale konortea galdu duela. Hurrengo pausoa izango da ikustea ea arnasa hartzen duen, eta horretarako arnasbideak zabalduko dizkiogu. Ez badu arnasarik hartzen, 112ra deituko dugu eta bular-konpresioak ematen hasiko gara. Lehen unetik hasi behar da bular-konpresioak egiten oxigenoa burura eramateko. Gurekin beste lagun bar badago, desfibriladore baten bila bidaliko dugu”, azaldu zuen.

Gure inguruan gero eta desfibriladore gehiago daudela adierazi zuen Alonsok. Non dauden jakiteko telefono mugikorreko aplikazioa ere sortu du Osakidetzak. “Telefonoko aplikazio dendetan PCEH (Ospitale Kanpoko Bihotz Geldialdia, gaztelerazko siglatan) sartzea nahikoa da. Aplikazioak formazio erraza eskaintzen du fitxa eta bideo bidez, metronomo antzerakoa du bular-konpresioen erritmoa jarraitzeko, eta 500 metroren barruan desfibriladoreak non dauden ere erakusten digu. Plazan gaudela begiratu dugu, eta hemendik hurre Eroskin, BMn, Balenciagan eta GKNn badaude. Agian gehiago egongo dira, baina ez dira erregistratuta egongo. Euskadiko desfibriladoreen dekretuak dio erregistratu behar direla. Beraz, animatzen ditugu pauso hori ematera, bestela gure fitxerotan ez dira eta agertzen”.

Dekretu horrek berak, “estatuko aurreratuenetakoa dena”, edozeini uzten dio desfibriladoreak erabiltzen. “Makina erraza da. Piztu eta instrukzioak jarraitu behar dira. Edonor izan daiteke gai bizitza bat salbatzeko”, nabarmendu zuen Alonsok.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide