Taberna berritu aurretik, hainbat urtez egon zen zintzilik Sardinero izeneko zama ontzi baten koadroa Justan. Margo horren kopia bat du Jose Cruzek tailerreko lan mahaiaren aurrean. “Argazkia ikusi eta badakit ontziak zer forma eta zer estruktura izango duen”, dio. Azken asteetan, edo, hobeto esanda, azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza mahai gainean du. Zink metalarekin egindako zama ontziaren maketa oso aurreratuta du jada. Lehenbizi, okumearekin edo egurrarekin modelo bat prestatzen du, eta behin hura amaituta hasten da maketarekin. Pieza guztiak eskuz egiten ditu, egurrarekin, metalarekin edo ganadu hezurrekin, beharraren edo maketak izango dituen ezaugarrien arabera. Sardinerorako egin dituen pieza txikiak erakutsi dizkigu: aingurak, kateak, armarioak... Milimetro gutxiko miniaturazko armarioari ateak zabaltzen zaizkiola ikustean pentsa edo imajina daiteke zenbat ordu pasa dituen pieza txiki horiek egiten. “Pazientzia baino gehiago, eskua behar da”, dio.
Maiatzean beteko ditu 68 urte Jose Cruzek eta, berak dioen bezala, bizitza osoa darama ontzien maketak egiten. Lehen ontzitxoa bost urterekin egin zuela dio. “Sutarako egurra ekarri zuten behin etxera, zati bat hartu nuen eta harekin egin nuen lehen ontzitxoa”. Maketa txiki haiek lagunei ematen zizkiela dio. “Orain gutxi lagun bati galdetu nion ea eman nion ontzitxoa oraindik gordeta zuen. Ikusi nahi nuen ea txikitako lan haiek zer forma zuten”.
Hasieran, arotz egin zuen lan, eta gero Mendiaraiz enpresan sartu zen. Orain erretiroa hartuta dago. Lanean ibili zen denboran ere aritu da maketak egiten. “Afizioa baino gehiago bizioa da”, dio. Egunero bizpahiru ordu ematen dizkio zaletasunari. “Etxe azpian dut tailerra. Goizetan beste eginkizun batzuk ditut, biloba eskolara eramatea, adibidez. Baina, arratsaldetan 5ak aldera jaisten naiz eta hor egoten naiz ontziekin lanean”. Galdetuta ea zenbat denbora behar izaten duen maketa bakoitza bukatzeko, hasperen bat atera zaio. “Bakoitzak behar duena. Batzuk sei hilabetetan bukatzen ditut, baina beste horri hiru urte eman nizkion”, dio bitrina baten barruan gordeta duen galeoiaren maketari begira.
Euskal kostaldeko eliza askotan sabaitik zintzilikatutako ontziak aurki daitezke. Jose Cruzek San Pedro parrokiarako egin zuen galeoi horren maketa. “Lehen ere izan zen ontzi bat koroaren gainean zintzilik, exvoto moduan emandakoa. Baina norbaitek lapurtu egin zuen. Gero, beste ontzi bat jarri zuten, baina ez zen gustukoa izan. Galeoi hau parrokiarako egin nuen, baina zenbait arrazoi direla medio, azkenean ez zuten jarri. Etxean izan dut denbora askoan, eta orain tailerrera jaitsi dut”.
Galeoiaz gain, beste maketa batzuk ditu gordeta tailerrean: Telmo Deun trainerua, Zumaiako azken arrantza ontzia izan zen Glorioso San Telmo, edota gerrako ontzi bat, besteak beste. Koaderno txiki batean idatzita du urte hauetan egindako maketen zerrenda. Horietatik gutxi batzuk dira enkargatutakoak. “Berez, ez dut enkargurik hartzen, baina Zumaiarekin lotuta badaude, orduan bai. ‘Rubio [bere izengoitia], Andre Marirako ontzi bat egingo al duk?’, galdetu zidaten behin, eta nik, noski, baietz esan nien. Zumaiarako badira, bai, egingo ditut”. Enkarguetako bat traineru baten maketa izan zela dio. “Norvegiako herri batekin elkartruke bat egin behar zuten eta Telmo Deunen maketa bat egitea eskatu zidaten, herri hartako alkateari emateko”. Liburu batean gordetzen duen argazki baten ikus daiteke ekitaldia.
Herrira begira egindako beste ontzi bat Arritokietako Andre Mariko ermitan zintzilik dagoena da. “Hiru ermitatan ontzi bana jartzeko proposamena nuen, Arritokietan, San Lorenten eta San Telmon. Arritokietakoa jarrita dago, San Lorenterako ere egin nuen bat eta San Telmorako banuen ideia bat: Bermeo eta Matxitxako ikus daitezke bertatik, eta han [1912an] izandako galernan hildakoen ohoretan, garai hartako ontzien maketa bat egitea pentsatu nuen. Baina, ez zen posible izan”. San Lorenterako egindakoa, berriz, kendu egin zuen, ermitaren jabeek ospakizunak haren barruan egitea galarazi zutenean. Maketa hori orain Santa Klaran dagoela dio. “Ontzia Santa Klarako Miguel Angel Mancisidorri asko gustatu zitzaion. Ermitatik kendu nuenean telefonoz deitu nion eta galdetu nion ea interesatzen zitzaion. Han dago zintzilik, ermita izan zen eraikin zaharrean”.
Sardinero amaitzen duenean tamaina handiagoko beste ontzi batekin hasiko da lanean, tailerrean gordetzen duen Iparra txaluparekin, hain zuzen ere. “Kanpoaldeko zuntzean aritu naiz lanean, eta orain barrualdeko egurra aldatuko dut. Botatzeak pena ematen zidan, eta berritu egingo dut. Itsasora aterako naizen? Ez, oinordekoentzat izango da”.