Aimar Garciak irabazi du Santelmoetako Haur Danborradako Argazki Lehiaketa

Baleike 2018ko maiatzaren 10a

Arratsaldean banatu dira Jakintzak antolatzen duen Haur Danborradako VII. Argazki Lehiaketako saria. 12 urteko Aimar Garcia izan da irabazlea. Antolatzaileak pozik agertu dira argazkien kalitatearekin, eta baita izandako parte hartzearekin.

Apirila amaieran 70 argazkiekin osatutako erakusketa jarri zuen Jakintza elkarteak Alondegiko sarreran, eta gaurko sari banaketarekin amaitutzat eman dute VII. Haur Danborradako Argazki Lehiaketa. Aurtengo irabazlea Aimar Garcia gaztea izan da. Bi argazki aurkeztu ditu lehiaketara eta urduri bazegoen ere, pozik jaso du saria. "Argazki irabazlea nola aterako nuen pentsatuta nuen aurretik. Imaginazioa landu nahi nuen", kontatu du. Hain zuzen, argazki bat ateratzen ari den mugikor baten pantailari enfokatutako argazki bat da irabazlea. 

Mikel Castellano eta Bego Blancok osatu dute epaimahaia. Castellanok adierazi duenez, "oso zaila izan da erabakia hartzea. Urte honetan lan asko egon dira, eta guztiak kalitate handikoak. Egia da, hala ere, begirada batean arreta deitzen zuten pare bat irudi zeudela", aitortu du.

Omenaldia Jose Manuel Azkueri

Jakintza elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei, eta bide batez, Jose Manuel Azkueri omenaldi txiki bat egin diote. Lehiaketa honetako sortzaileetako bat izan zen, eta baita epaimahaikide ere. Bere senitartekoek txapel bat jaso dute oroigarri moduan. Hunkituta, eskerrak eman dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide