Kontzertuekin ospatuko du Dardarak bere seigarren urteurrena

Baleike 2018ko maiatzaren 11

Dardara Zumaiako musika kolektiboak bere seigarren urteurrena ospatzen du aurten. Hori ospatzeko, jaialdia antolatu du. Lau talde igoko dira oholtzara Torreberriko aterpean, 20:00etatik aurrera. 

Nola ospatu dezake musika kolektibo batek bere urteurrena kontzertuekin ez bada? Esan eta egin. Dardara Zumaiako musika kolektiboak antolatuta, musika jaialdia izango da bihar, larunbata, 20:00etatik aurrera, Torreberri eraikineko aterpean. Hasiera batean Amaiako plazan egitekoak ziren kontzertu hauek, baina eguraldi txarraren iragarpenengatik beste kokapen batera eraman dituzte.

Lau talde igoko dira oholtzara: Blowing Soul zumaiarrak, “gorputza mugiarazten duen rock ‘n’ roll, soul, funkeroa eginez”; Lizarrako Bide Bakarra, “nafar erara egindako rap metalarekin”; Arenna gasteiztarrak beraien rock psikodelikoarekin eta “zentzuak kitzikatzen dituen erritmoarekin”, eta, bukatzeko, Rodeo stoner-rock talde zestoarra, “basamortuaren oihartzunarekin”.

Definizio koloretsu hauek Dardarako komunikazio taldeko kideek egin dituzte. Berez, kolektiboak urte hasieran, otsaila aldera, bete zituen sei urte, baina jaialdia maiatzera arte atzeratzeko erabakia hartu zuten eguraldi hobea izango zutenaren esperoan. Tamalez, udaberri heze hau uste baino gehiago ari da luzatzen, eta Amaiako plazatik Torreberriko aterpera eraman behar izan dituzte kontzertuak. 

Dardara orain sei urte sortu zen “entsegu lokaletan behar bat zegoela ikusita”, dio Jon Brakamontek. “Behar bat bazegoen eta hobe zen denok bat egitea elkarte batean, bakoitza bere aldetik ibiltzea baino”. Gestioak era komun batean egiteaz gain, kontzertuak eta tailerrak ere antolatu dituzte. “Bere garaian perkusio tailer bat antolatu genuen. Gero, kontzertuen aldetik, gero eta mugimendu handiagoa dagoela uste dut, ez rock aldetik bakarrik; azken urteotan musika estilo desberdinetara zabaltzen ari gara”, gaineratu du.

Gaur egun Zumaiako 17 taldek osatzen dute Dardara kolektiboa. “72 persona gaude elkartean, eta, tamalez, emakume bakarra dugu. Pena da! Taldeetan neska gutxi aritzen dira. Espero dezagun aldatuko dela”, dio Brakamontek.

Seigarren urteurren honek “trantsizio garai” batean aurkitu ditu. Zuzendaritza aldaketa izan da eta mugimendu horrekin aldaketak sustatu nahi dituzte. “Aurreko zuzendaritzak lan karga handia hartu zuen bere gain. Nekatuta zeuden eta aldaketa beharra ere sumatzen zen. Baita jende gaztea erakartzeko beharra ere”, dio Aitor Ramosek, zuzendaritzako kideak. “Lanak banatu egin dira kideen artean. Gero, entsegu lokaletako arduradunak izango dira, bai Ubillosen  bai Uxategian, eta baita grabazio estudioko arduraduna ere. Komunikazio talde bat ere eratu dugu”, adierazi digu.

Torreberri gaztetxeko musika eskaintza “aktibatzea” ere badago beraien asmoen artean. “Lehen Euskal Herri mailako taldeak etortzen ziren. Orain beste musika motetako jendea ekartzen ari gara. New Yorkeko talde bat izan genuen, Cadizekoa, Italiakoa... Maiatzaren 19an Agoraphobia taldea izango du, Galiziatik etorritako neska taldea”, azpimarratu du Abraham Larrañagak. “Zabaldu nahian ari gara, ez abangoardia aldera, baina bai eskaintza irekiago bat izatera”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide