10 ardatzez eta 142 ekintzaz osatuko da Zumaiako Turismo Plana

Baleike 2018ko maiatzaren 17a

“Bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza bermatzea” da planaren muina. Ate irekiak izango dira herriko zenbait eraikin eta zerbitzutan asteburu honetan.

2017. urtean, aurrekoarekin alderatuta, Zumaiara etorritako bisitari kopuruak behera egin bazuen ere, azken urteotan turismoaren hazkundea izan denaren zalantzarik ez dago. Horren aurrean datozen urteotan alor horren inguruan nola jokatu jakiteko, turismo plana egiteko lanak hasi zituen Udalak orain urtebete inguru TransLokal enpresaren bidez. Hilabete hauetan guztietan egindako lanaren emaitza aurkeztu zuten herenegun Alondegian egindako ekitaldian.

Plan honen helburua “bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza» bermatzea dela azpimarratu dute arduradunek. “Plan estrategiko bat da, erreminta bat bezala hartu behar da, abiapuntu bat bezala», TransLokal enpresako Igor Calzadaren arabera.

Asteartean aurkeztutako dokumentura heltzeko galdetegiz, elkarrizketaz eta laboratorioz betetako prozesu bat jarraitu dute. Hala, jasotako 200 bat galdetegietatik ehun bat erabili dituzte. Ehundik gora elkarrizketa sakon ere egin dituzte arlo publikoan eta pribatuen egiten duten lagunekin, eta baita herriko eragile batzuekin. Amaitzeko, bi laboratorio ere egin zituzten esperientziak partekatzeko. “Entzundako hori guztiak planean sartzen saiatu gara», adierazi zuen TransLokaleko Ana Arranzek.

Hala, parte hartzeko prozesu horretan entzundako iritzien bidez hamar ardatz edo bektore osatu dituzte: elkarbizitza, tokiko turismo ekintzailetasuna, tokiko sentimendua, kultura ekosistema, tokiko ekonomia, pasaiaren eta naturaren arautzale gisa, Euskal kostaldeko Unescoren munduko Geoparkea, Gobernantza turistikoa, helmuga turistiko adimentsua, posizionamendu geografikoa, eta teknologia berriak.

Ardatz horiek betetzeko, bost lan eremu eta 142 ekintza jaso edo zehaztu ditu Planak. “Gero, lehenetsi egin beharko da 142 ekintzetako batzuk», gaineratu zuen Arranzek. Plana “erabili, osatu eta zuzendu» behar dela ere nabarmendu zuen, eta baita “eraldaketarako tresna» izan behar duela. “Tren-ibilbide baten lehen geltokiak jarri ditugun, baina herritarrek osatu behar dute ibilbidea, udalaren bultzadaz».

Ate irekiak

Planaren aurkezpenarekin batera, ate irekiak izango dituzte herriko zenbait eraikin eta zerbitzuk asteburuan. Hala, Algorri Interpretazio Zentroak ateak zabalduko dizkie bisitatu nahi dutenei larunbatean eta igandean, 10:00etatik 13:30era, San Jose komentuko erromesen aterpetxeak 16:00etatik 20:00etara, eta Kofradiak 17:30etik 20:30era.

Zumaiako Turismo Planaren berri hemen izan dezakezue.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide