Algorrin egiten ari diren lanen aurkako manifestazioa egingo da bihar

Baleike 2018ko maiatzaren 24a

Algorriko K/T mugaren behatokian egiten ari diren lanek haserrea piztu dute hainbat herritarrengan. Hori dela eta, manifestazioa deitu dute bihar arratsalderako. Mobilizazioa Beheko plazan elkartuta hasiko dute, 19:00etan.

Algorriko K/T mugaren behatokian egurrezko plataforma eraikitzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. Aktuazio horrek herritar batzuengan haserrea sortu du, eta lan horien aurka azaldu dira. Haien ustez, "herriko ondare kultural eta natural garrantzitsuenetariko bat suntsitzen ari dira ustiapen turistikoaren alde. Lan horiek inflexio puntu bat eragin dute herritarrengan. Pentsatzen dugu ez direla herritarren esanak kontutan hartzen, eta uste dugu eremu babestu baterako ez dela erreforma egokiena”, aipatu dute. “Hau guztia turismo masiboaren eragina da, eta turismoari alfonbra gorria jartzen jarraitzen dugun bitartean, ez da arazoa konponduko”, nabarmendu dute.

Hori dela, biharko manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Mobilizazioa, Beheko plazan elkartuta hasiko dute, 19:00etan. Ondoren, Txomin Agirre kaitik barrena Algorrira joango dira. Bertan adierazpen bat irakurriko dute.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide