'Utzi Algorri pakean! Lurra herriarena da!' jartzen zuen pankarta eskutan hartuta, berritar batzuk Algorrin egiten ari diren lanen aurka azaldu dira arratsaldean egin duten mobilizazioan. Lan hauek ardatz hartuta, Zumaiako turismo eredua ere kolokan jarri dute.
Algorrin bertan, ondoko irakurketa egin dute:
Algorri ez dago salgai
Algorriri agur esatea nahi dute, bere xarma ahaztu eta ezer pasako ez balitz bezala jarraitzea, eta sinestarazi nahi digute lan hauek onuragarriak direla bai Algorrirentzat, baita denontzat ere. Guk, aldiz, turistentzat egokitutako alfonbra gorria dela uste dugu. Bisitariek dena eroso, atsegin, segurtasun bermeekin eta eder aurki dezaten. Zumaiarrok, aldiz, uko egin behar diotu urte luzez lasaitasun eta energia iturri izan den leku kuttunari.
Azken urteetan herriaren aukera eta gaitasunaren gainetik dagoen turismo eredu bat ezarri digute; ez soilik autoen aparkalekuei begira, herritarron egunerokotasunean ere eragiten duten neurriak hartu dira, eta horietan ere, turistak izan dira lehentasuna. Algorriko lan hauek horren adibiderik onena dira. Ardantza auzoko familiak Udalarentzat bigarren mailako zumaiarrak diren bitartean, bertako altxor handiena turistei saltzen diete, kanpora begirako irudi polita emanez, barrua usteltzen ari den bitartean.
Eremuari dagokionez, Flyschetan adituak izan gabe, ezta geologian ere, Baleiken argitaratutako elkarrizketan lanen arduradunak dio "ahalik eta esku-hartze txikiena" egingo zutela eremua babestu eta egokitzeko. Zumaiako Udalari, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetzen diegu, ea benetan hau den "esku-hartze txikia". Zer izango da hurrena, bertarainoko bidea egokitzea, Toledotik datozen autobusak urertzeraino iristeko? Coca-colaren toldoak jartzea? Ez dugu zuen ereduarekin bat egiten, ez orain ez lehen, eta Algorri zuen eskuetan utzi aurretik, herriarena dena babestuko dugu. Ez gaituzue engainatuko, turismo eredu hau herriarentzat onuragarria del iritzita. Turismo masiboari eta espekulazioari STOP! Herriak planto!