Gipuzkoako Surf Federazioak atzo Orion egindako agerraldian, bi proiektu aurkeztu zituen. Alde batetik, federazioak arlo teknikoan zuen gabeziari erantzuna emango dion teknifikazio proiektua, eta beste aldetik, Gipuzkoako Surf Selekzioa.
Imanol Yeregi zumaiarra eta Aitor Frantzesena zarauztarra izango dira hain zuzen teknifikazio proiektuaren arduradunak. Yeregik arlo teknikoa eramango du, eta Frantzesenak, berriz, aspektu emozionala. Biak pozik agertu ziren proiektuarekin, eta ilusio eta gogo handiz helduko diote erronkari. Federazioko lehendakaria den Maialen Saezen hitzetan, “proiektu berri hau garatzeko pertsona egokiak dira biak. Yeregi gaztea da, freskoa, beharrezko formazioa du eta txapelketetan bete-betean aurkitzen da. Frantzesena berriz, Top 44ra surflari bat (Aritz Aranburu) igo duen entrenatzaile gipuzkoar bakarra da”.
Beste aldetik, Gipuzkoako Surf Selekzioaren berri eman zuen Saezek. Selekzioa osatzerako garaian, ranking ofiziala eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun irizpideak hartu dituzte kontuan. Horrela, sei emakumezko eta sei gizonezko izan dira aukeratuak: Maddi Aizpurua, Bitor Garitonandia, Julen Susperregi, Xabier Lopez, Luken Korta, Kai Odriozola, June del Campo, Arene Basurto, Mikele Beato, Janire Gonzalez, Silke Martinez eta Lara Dominguez.
Uztailaren 6, 7 eta 8an Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Donostian. Ondoren, Deban, Orion eta Zumaian emango zaio jarraipena. Irabazleek Pro Zarautz 2019 lehiaketan jokatzeko txartela eskuratuko dute.