Gaur goizean agerraldia egin du Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Urtebete da bertako bizilagunak Batzar Nagusietan izan zirela bidegorriaren proiektuaz galdezka. Urtebeteren ondoren, ordea, Aldundiaren Mugikortasun Sailaren erantzunik ez dutela kexu dira auzotarrak. Gainera, Diputazioak bere turismo argitalpenetan proiektua egintzat jasotzen duela salatu dute.
Jon Albizuk, EH Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bi adibide ekarri ditu goizeko batzarrera. Alde batetik, Gipuzkoako turismoko esku orri bat eraman du. “Duela hilabete argitaratu zen esku orri hau. Bertan, Zumaia eta Zumarraga lotzen dituen bidegorria dagoela agertzen da”, azaldu du. Beste aldetik, Mugikortasun Sailak argitaratu duen bidegorri sareen mapa erakutsi du. “Hemen, bidegorria planifikatuta dagoela jartzen du, baina auzotarrei entzunda ez nuke hori esango. Mapa hau ere aurtengoa da”, jarraitu du.
Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeko partaide den Pili Perurenak ere hartu du hitza goizeko batzarrean. “Bere garaian hitz politak entzun genituen, erantzun bat emango zutela esan ziguten, eta gaur arte”, adierazi du.
Albizuren iritziz, bidegorriaren egikaritza Batzar Nagusietan dauden talde politiko guztien borondatean aurkitzen da. “Talde politiko guztiak ados jarri behar dugu. Gu prest gaude talde guztiekin datozen hilabeteetan ebazpen bat onartzeko. Ezin dugu beste urtebete egon horrela. Lan horiei lehentasuna eman behar diegu. Bailara guztiak eskatzen du, eta premiazkoa da”, gaineratu du.
Bihar arratsaldean agerraldi honen eta gaiaren inguruko balorazio egingo dute Jon Albizuk; Mikel Arregi 'Ertxin' Zestoako EH Bilduko Udaleko zinegotziak; eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak. Ekitaldia 17:00etan izango da Arroa Beheko Kultur etxean.