Akanpada egingo da Urritzun, Andutz Egunaren bezperan

Itziarko Auzo Udala 2018ko ekainaren 4a

Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak antolatuta, ekainaren 9an larunbatez ospatuko da aurtengo Andutz Eguna. Iganderako Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea dela eta aurreratu da larunbatera ospakizuna.

Urtero bezala, Andutzko tontorretik igaro ondoren juntadizoa Urritzuko lepoan izango da. 11:00 aurtengo mendi irteeratan parte hartu duten ikasleen artean sari banaketa egingo da. Ondoren txorizoa eta salda eskainiko da bertan. Aldi berean, erromeria ere izango da, Itziarko Naiara Mantzisidor eta Nahia Agirregabiria trikitilariekin.

Andutz Egunaren bezperan, ostiraletik, akanpada egiteko aukera izango da Urritzuko lepoan, edonorentzat. Giroa lagun, ikusmira eta ilunabarra behatzeaz gain, paraje ezezagunak arakatuko dira bertan. Irteera Itziarko frontoi paretik izango da, 18:00etan. Eramatekoak norberak eraman beharko ditu soinean. 12 urtez azpikoak guraso edo arduradunarekin joango dira, hortik gorakoak bertan direnen ardurapean. Traste eta sortutako zaborra norberak jaitsiko du. Ezinbestekoa izango da oinetako zein arropa egokia, lozakua eta esterila, linterna edo frontala, eta janari-edaria eramatea motxilan. Izen ematea ekainaren 6a bitartean, 626710441 telefonoan (Xabier). Osatzen den multzoaren arabera antolatuko dira kanpin denda eta erregailuak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide