Goizean goiz hasita, 09:00etan, 12 urtetik gorakoek mendi bizikleta irteera egiteko aukera izango dute Sastrakas taldearekin batera. 10:15ean beste irteera bat egingo da, oraingoan, 12 urtetik beherakoekin. Edozein motatako bizikletarekin parte hartu ahal izango da. Sastrakaseko kideek erabakiko dute adin, maila eta txirrinduaren arabera, zein ibilbide egokitzen zaion hobeto parte hartzaile bakoitzari.
Goizeko 09:00 eta 10:15ean baita ere, 16 urtetik gorakoentzat cycling saioak egingo dira plazan. Izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian. Goizean aurrera eginez, 10:00etan Joxe Mari Korta txirrindularitza proba hasiko da.
12:00etan, atsedenaldia egingo da eta mokadutxo bat eskainiko zaie goizeko ekintzetan parte hartu duten guztiei. Ondoren, 12:45ean, Guraso Elkarteak Udalarekin elkarlanean garatutako Eskola Bideak egitasmoaren baitan altxorraren bila jokoa egingo da haurrekin proiektuaren baitan bi ikastetxeetara joateko definitutako ibilbideak ezagutu eta geltokiak non dauden ikusteko. Eta behin goizeko ekitaldiak amaituta, 14:00etan, paella dastaketa egongo da.
Bazkal ostean, 16:00etan hasita, ginkana ezberdinak egingo dira eta ordu erdi beranduago, 16:30ean, Bizikleta Tailerra egingo da, oinarrizko mekanika ikastaroak jasotzeko, biak Eusebio Gurrutxaga plazan. 18:00etan, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba ospatuko da. Eta egunari amaiera emateko, 20:00etan bizikleta saltoen ikuskizuna egongo da, hau ere, Eusebio Gurrutxaga plazan.
Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.
Bizikleta bat ere zozkatuko da eguneko ekintzetan parte hartzen dutenen artean. Horretarako, parte hartzaile bakoitzari txartel bana emango zaio eta behin hori beteta, Eusebio Gurrutxaga plazan jarriko den buzoian sartu beharko dute. Behin ekitaldi guztiak amaituta zozketa egingo da.
Ekimen horren bitartez, iaz bezala, Udalak helburu du herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea, mugikortasun aktibo eta jasangarria indartuz.