1936ko Gerrako zauriak sendatzeko beste urrats bat

Baleike 2018ko ekainaren 6a

Kanbodiaren ondoren Espainia da mundu mailan gerrako desagertu gehien dituen estatua. Milaka dira 1936ko gerraren ondorioz Espainia mailan desagertutako pertsonak. Euskal Herrian ere errepresio bortitza izan zen garai hartan eta kontaezinak dira basoetan, zelaietan, errepideetako ertzetan edo hilerrietako hobi komunetan lurperatutako pertsonak. Beraien senitartekoek isilean pairatu dute tragedia hau urte hauetan guztietan.

Azken hamarkadetan, baina, gertaera horiek azaleratzeko lanak egin dira. Herrietan, auzoetan, familiartean aski ezaguna izaten zen hobi horien kokapena, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eta herri mailako beste elkarte batzuen laguntzarekin, gorpuzkiak ateratzeko lanak egin izan dira.

Hurrengo pausoa, eta zailena, gorpu hauek identifikatzea izan da. "Hezurretako DNA haien familiartekoak izan zitezkeenen laginekin alderatzen zituzten. Kontua da denbora aurrera doala eta haien familiarteko hurbilak hiltzen joan direla. Horrek zaildu egin du lurpetik ateratako gorpuzkiak identifikatzea. Horretarako, Euskal Herri mailako datu base bat sortzeko lanetan ari dira ADNko datuak erabilita, gorpuzkin horiek identifikatu ahal izateko".

Hala zioen Miriam Baetak, EHU-UPVko teknikariak. Pasa den ostiralean izan zen Zumaian desagertuta dauden gudari batzuen senitartekoen DNA jasotzen. Bigarren aldiz egin ditu lan hauek Zumaian, eta oraingoan beste bost lagin lortu ditu, Ibarra, Zubia, Ibarbia, Aizpurua eta Irigoien familietako kideenak, hain zuzen ere. Senitarte hauetan gerran desagertutako gudariak daude.

Kotoi-zotzak erabilita, programa honetan parte hartu duten pertsonen txistua hartu zuen teknikariak. Txistuan dagoen kode genetikoa erabiliko da, ahal bada, gorpuzkinak identifikatzeko.

Unibertsitateak Gasteizen duen laboratoriora eraman zituen Baetak lagin hauek, han analizatuak izateko. "Datuak gero Gogora institutura pasako dizkiogu. Haiek txosten genetiko bana igorriko diete familiei, eta ondoren datu basea ere osatuko dute".

DNA Bankua

Gogora, Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutua da, eta Euskal Herriko "memoria demokratikoa jaso eta transmititzeko egitekoarekin" jaio zen. Bere jardueren artean desagertutako pertsonen bilaketa dago, eta horren barruan kokatzen da DNA Bankua sortzea. "DNA Bankua, garai hartan senideren bat galdu izanaren lekukotasuna ematen duten senideen DNA laginak biltzeko ekimena da, oraingo eta etorkizuneko deshobiratzeetan berreskuratutako gorpuzkinekin erkatu ahal izateko", dio bere webgunean.

Zortzi hamarkada luze igaro dira Gerra amaitu zenetik, eta zauriak oraindik sendatu gabe daude kasu batzuetan. Desagertutakoen gorpuzkinak identifikatzeak, akaso, lagun dezake zauriak sendatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide