Parte hartuko duen tripulazio kopurua dela eta, estropada hiru zatitan banatuko da. Lehenik eta behin emakumezkoen ontziak arituko dira erlojuaren aurka. Bederatzi ontzi izango dira lehian eta biko multzotan aterako dira, minutu bateko tartearekin.
Jarraian gizonezkoen txanda izango da. Lehenbizi erlojupeko estropada jokatuko dute hamabi traineruk. Hauek ere binaka aterako dira, minutu bateko tartearekin. Ondoren lerrokatutako hiru txanda jokatuko dituzte beste hamabi traineruk, eta txanda bakoitzean lau ontzi aterako dira.
Zumaia lerrokatutako txanda hauetatik lehenan arituko da, Isuntza, Deustu eta Zarautzekin batera. Bigarren txandan Kaiku, San Juan, Santurtzi eta Getaria arituko dira, eta hirugarrengoan Hondarribia, Donostiarra, Zierbena eta San Pedro.
Aurreko asteburuan Mutrikun egindako lana hobetzea izango du helburua Telmo Deunek. Estropada hartako lehen ziabogan arrauna hautsi zitzaion patroiari, eta arrauna aldatzen eta berriro erritmoa hartzen galduta denbora dela eta, 14. postuan amaitu zuen Zumaiak.