Arrakastatsua izan zen Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Jaia. Goizean goizetik jende andana gerturatu zen Oikiara, eta antolatzaileak pozik agertu dira. "Goizeko egitaraua arazorik gabe joan zen, eta, arratsaldean, euria hasi zuenean aterperako jaimak jarri ziren plazan, pailazoek pilotalekuan egin zuten emanaldia eta festak arazorik gabe jarraitu zuten", esan dute. Arratsalde erdirako atertu zuenez, apar festa jendetsua izan zen plazan eta txokolate beroa ere banatu zuten.
Egitarauaren barnean, azpimarratzeko da goizean egin zuten ekintza sinbolikoa. Gipuzkoako 26 eskola txikietako haurrek euren hatz marka koloretsuak jarri zituzten. Helduek, 26 eskoletako zuzendariek eta erakunde politikoetako ordezkariek ere jarri zuten hatz markak. Orain, Oikian bizi den Joxean Legorburu artistak eskultura berezia egingo du Oikiako eskola berriaren eraikina egiten denean bertan kokatu dadin.
"Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu laguntza eman diguten erakunde, enpresa eta elkarteei. Asko erraztu diguzue lana, bidelagun ederrak izan zarete eta aurrerantzean ere izango dugu elkarrekin urratsak emateko aukera Eskola Txikien alde", nabarmendu dute antolatzaileek.
Eskola Txikien festako bideoak ikusteko aukera hemen.