Duela lau urtetik hona, Herbehereetako Utrecht Unibertsitateko ikasleak Geoparkera etortzen hasi ziren Geologiako praktikak egitera. Aurten, Lucas Lourens irakaslearen batera, 26 ikasle izan ditugu gure artean. “Esperientzia polita da, eta ikasleak gustura ibili dira. Asko ikasi dute, eta hemengo parajeak asko gustatu zaizkie”, kontatu zuen Lourensek joan aurretik.
Lourensekin batera, eta ikasleez gain, beste irakasle eta laguntzaile bana egon ziren sei astez: lehendabiziko lau asteak Pirinioetan, eta ondoren Zumaian. “Pirinioetan egindako ikerketak Tremp izeneko herrian hasi genituen. Aste horietan, ordea, mugitzen ibili ginen eta beste hainbat lekutan izan ginen; Ainsan eta Lizarragan, esaterako”, esan zuen. Geruza ezberdinen lanketa eta horien esanahia ulertu nahian osatu zuten batik bat ikerketa lerroa.
Zumaiara etortzean, Geoparkean egin zituzten ikerketak. Deban eta Sakonetan izan ziren proiektu txikiak lantzen, baina Zumaia izan zuten epizentroa. “Bikoteka egin dute lan ikasleek. Guztira 13 proiektu landu dituzte, eta emaitzak eta ondorioak bertan atera dituzte. Hori bai, izango dute aukera elkarren lanak aztertu eta konparatzeko”, jarraitu zuen.
Ikasleek estratigrafia ikerketak egin zituzten batik bat. “Haitzen deskribapenak egin dituzte. Horretarako haitzetako geruzak aztertu eta horien esanahia bilatu edo interpretatu dute. Denboraren poderioz, geruzak aldatzen doaz eta informazio asko ematen dute. Zumaian dauden sedimentazioetan ederki ikusten da lurraren milioitako historia. Leku txiki batean urteetako historia ezagutzen da”, gaineratu zuen.
Geruzen koloreak aztertzen ere ibili ziren: gorrixkak, beltzaxkak, edo txuriak diren... Laginak ere jaso zituzten. Horiekin sedimentazioa osatzen dituzten elementuak ikertu zituzten, eta baita ingurumenari buruz esaten dutena ezagutu.
Lanketa horiek egiteko tresneria ezberdinak erabili zituzten. Aurten gainera, makina txiki berri bat ekarri zuten. “Haitzetan dauden mineral magnetikoak neurtzeko erabili dute” aipatu zuen.
Lourensen hitzetan, Zumaian gauza garrantzitsu asko daude ikusteko eta aztertzeko. Esate baterako dinosauroen desagerpenarekin zuzenean lotutako lerroa. “Azken 65 milioi urtetan gertatu den desagerpen gertaera handiena da”, esan zuen. Beroketa globalaren eta egungo klimatologiaren kausak eta ondorioak ere ezagutzen jardun zuten. “Lurraren tenperatura gutxi gorabehera sei gradu igo da eta horrek ozeanoetan duen eragina ere ikertu dute”.
Esperientzia positiboa
Ikasleentzat Euskal Herrira etortzen ziren lehendabiziko aldia izan zen, eta esperientzia positiboa izan dela kontatu zuen Lourensek. “Egin duten lana gustatu zaie, eta nola ez, baita hemengo ingurunea ere”.
Egunero ibili ziren lanean baina izan zuten turismo pixka bat egin, eta hemengo jakiak dastatu eta erosteko aukera.

