Aktore aski ezaguna, pelikula eta telesail ugaritan ikusi dugu Elena Irureta. Flores de otro mundo, Te doy mis ojos, La madre muerta edota Aupa Etxebeste! bezalako pelikuletan izan da Elena. Baita ere Bi eta bat, Jaun ta jabe, Periodistas edota azken urteotan sekulako arrakasta izan duen Alli abajo bezalako telesailetan.
Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo egin du lan, asko komedian, baina baita ere drama gordinetan. Azken urte hauetan film laburretan ere ikusi dugu. Azken muxuan, adibidez, Telmo Irureta ilobarekin egin du lan.
Danbor doinuak lagun dituela igoko du Elenak herriko bandera udaletxeko balkoitik. 20:00etan izango da. Ondo merezitako omenaldia jasoko du Elena Iruretak.