Keretxudiko baratzetarako izen-ematea uztailaren 9an hasiko da

Baleike 2018ko ekainaren 28a

Zumaiako Udalak, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, Baratze Parkea osatu du Keretxudiko lurretan. Gipuzkoako Baratze Parke sareko hogeigarrena izango da eta 50 eta 70 metro karratuko 50 lursail izango ditu. Uztailaren 9an zabalduko da izen-ematea, eta herritarrek 10 egun izango dituzte izena eman eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko.

Baratze Parkea izango duen Gipuzkoako hogeigarren herria izango da Zumaia. Parkearen helburua da, hain zuzen, nekazaritza jarduera lantzeaz haratago, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzea. Horrela, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, Keretxudiko lurretan 50 baratza prestatu ditu Zumaiako Udalak.

Lursail horiek 50 eta 70 metro karratu artean izango dituzte, eta horietatik erdia interes taldeentzat gordeko dira, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat: langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak, eta abar. Gainerako erdiak, izen-eman nahi duten herritarren artean banatuko dira, beti ere, errentaren arabera. Eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez egingo da esleipena.

Interesa duten herritarrek uztailaren 9tik aurrera edukiko dute izena-emateko aukera udaletxean. Horretarako baldintza hauek bete beharko dira: udalerrian erroldatuta egotea, baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea, Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea, beste baratza baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea eta eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik. Udaletxean inprimaki ofiziala betetzeaz gain, NAN-aren kopia eta aurreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dira.

Erabiltzaileen elkartea

Keretxudiko Baratze Parkean, bi etxola, bi konposgune eta bi aska egongo dira. Etxola bat adibidez aldagela bezala erabiltzeko egokituko da, eta bestea, tresnentzako biltegi moduan.

Lursailaren erabilera urtebetekoa izango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da. Gainera, lehen interes taldekoek (langabetuek, ezgaituek…) urtero ziurtatu beharko dute zein den beraien egoera, horrela, baratza ustiatzen jarraitzeko.

Baratze Parkearen ordenantza honetan baratzen erabilpen egokirako hainbat aholku eta betebehar jasotzen dira. Esaterako, ezingo da bertan barbakoarik egin, bertako produktuak familian kontsumitzeko izango dira eta ez saltzeko, ingurumenarekiko kaltegarriak diren ongarririk ez da erabiliko…

Bestalde, Udalak erabilera kanon bat jarriko du. Hala, hilero 10 euro ordaindu beharko dute erabiltzaileek; urtean, 120 euro. Gainera, baratza bat eskuratzeko 100 euroko fidantza ordainduko da.

Baratzen kudeaketaegokia ahalbidetzeko eta ordenantzan jartzen dituen betebeharrak bermatzeko, erabiltzaileek elkarte bat sortu beharko dute. Elkarte horrek, gainera, ordezkari bat izendatuko du Kutxa Ekogunearekin eta Udaleko arduradunekin harremanetan egoteko. Arazorik edo arau urraketarik egonez gero, isunak egongo dira, eta lursaila galtzeko aukera ere izango da.

Izen-emate epea amaitzean onartu eta baztertuen zerrendak publiko egingo dira, eta eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez egingo da esleipena.

Hogeigarren Baratze Parkea

Kutxa Ekoguneak 2014an jarri zuen martxan Baratze Parke Sarea proiektua. Honen helburuak dira, besteak beste, lurrarekin harreman zuzenekoa izatea, autokontsumoa sustatzea, produktu ekologikoak landatzea, herriarentzat gune berdeak egokitzea, aisialdiko aktibitate bat izatea eta modu komunitarioan lana egitea.

Zumaiako Baratze Parkea sareko hogeigarrena izango da. Orain arte proiektu honek 1.200 lursail eta 55.000 metro karratu hartzen ditu Gipuzkoa osoan.

Baratze Parke Sareko kide izateak hainbat abantaila eta zerbitzu eskaintzen ditu. Hala nola, ikastaroak eta tailerrak, baratzeen egoeraren jarraipen txostenak eta ongarriztatze gomendioak, aholkularitza praktikoak... Gainera, Ekoguneak Baratze Eskola du. 2014an abian jarritako baratzezain ekologikoaren inguruko interpretazio-zentroa, eta interesa duen edonork bisita dezake. Honetaz gain, furgobaratza zerbitzua eskaintzen dute. Bertan adituak joaten dira baratzaz baratza zalantzak argitzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide