Txapelketako azken bi partidak ikusteko gogotsu hurbildu dira pilotazaleak Odietara. Hirugarren posturako lehian aritu dira lehendabizi Oiartzabal-Gorostola (Mendizabalen ordez) eta Aizpurua-Astigarraga bikoteak. Partida borrokatua izan da, inork ez du amore eman nahi izan, eta azken txanpara arte oreka izan da kantxan eta markagailuan. 16nako berdinketaren ondotik Oiartzabal eta Gorostola gai izan dira tartea egiteko eta hortxe erabaki da partida. Azkenean, 17-22, urdinentzat hirugarren postua.
Hain partida gogor eta lehiatuaren ondoren, finala ere estu joateko itxaropena zuten ikusleek, pilotaz beste tarte luze batez gozatzeko. Baina partida ez da atera espero bezala. Mikel Odriozolak eta Jon Alkortak erraz egin dute aldea markagailuan, bikote urdinaren akatsei esker. Ander Agirre aurrelariak ez du gaur egunik onena izan, eta azkenean 22-4 bukatu da partida. Odriozola eta Alkorta txapeldun.