Getariako estropadaren ondoren, KAE-1 ligako estropada izango da bihar (larunbata) Zumaian. Arratsaldeko 18:00etan emango diote hasiera lehiari, eta 5.500 metro inguruko ibilbidea egin beharko dute traineruek. Zehazki, KAE-1 ligako laugarren estropada puntuagarria izango da biharkoa.
12 traineruk hartuko dute parte, eta bigarren txandan lehiatuko da Zumaia; Lapurdi, Pedreña eta Zarautz aurkari dituela. Atzo aurkeztu zuten jendaurrean XXXIII. Zumaiako Ikurriña, eta etxean geratzeko nahia duela aitortu zuen Joseba Esnalek. Emaitza edozein izanik ere, zuzendaritzako kideak arraunlariekin harro daudela gaineratu zuen.
Euskaraldiarekin bat
Esnalen hitzetan, larunbateko estropada bezain garrantzitsua da euskararen alde egitea. Hori dela eta, denboraldi guztian zehar Euskaraldiaren eranskailua eramango dute traineruan. Zumaian Euskaraldia bultzatzen ari den herritar taldearen izenean, aurkezpenean izan ziren Belen Uranga eta Antton Peñalba. Arraun Elkartea zoriondu zuten, traineruan Euskaraldiaren ikurra guztien bistara jartzeko hartutako erabakiagatik. Haien hitzetan, uda osoan han-hemenka izango diren estropadetan, haizea kontra edo alde izanda ere, kostalde osoko herritar guztiei egingo diete dei euskara erabiltzera.