Zumaiako Ondartxo plaza dantza areto bihurtuko dute TikTara taldeak, Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) eta Astindu dantza taldeak gaur, 22:30ean, eskainiko duten emanaldian. Betebehar bat izango dute: musika eta dantza latinoekin entzuleak dantzara bultzatzea.
Pasodobleak bai, baina baita popa ere. Bide horretan ari da ZUMB azken hamarkadetan. Joxe Mari Azkuek, Bandaren zuzendaritza hartu zuenetik, bidea autobide bihurtu da. Tradizioari lotutako musikak hor mantentzen dira, baina beste musika batzuei ere lekua egin zaie errepertorioan. Horren adibide dira azken bi urteotan Ondartxon emandako kontzertuak, edota iazko udan Itzurunen entzundako Flamenko Etxea saioa.
"Iazko Ondartxoko kontzertuaren ondoren, zerbait gehiago egin nahi nuen Astindurekin, eta pop ukitu gehiago izatea nahi nuen", azaldu du Azkuek. Ustekabean, Ubilloseko eskailerak igotzen ari zela izan zuen ideia. "Harkaitzen ahotsa entzun nuen; ez zen abesten ari, hitz egiten ari zen, eta pentsatu nuen, ‘TikTararekin egiten badugu?’. Atea jo nuen eta proposamena luzatu nion. Hamar minutura baiezkoa jaso nuen".
Arriskuak maite dituzte bai ZUMBek, baita TikTarak ere, Harkaitz Bastarrika buru duen salsa taldeak. "Hemen inguruan ez dago hori bezalako talderik, salsa eta musika latinoa euskaraz abesten duenik", goraipatu du Azkuek.
Emanaldiko hirugarren hanka, Zumaiako Astindu dantza taldea izango da. Talde horrek dantza egin arren, entzuleak plazara dantzara ateratzeko momentuak ere izango direla nabarmendu dute hirurek. Zumaiako Bandarekin eta TikTara taldearekin kolaborazioak egitearekin pozik agertu da Mila Bakedano Astindu dantza taldeko kidea: "Herriko taldeekin elkarlanean aritzea gure filosofiaren barruan dago, eta halako eskaintzak heltzen bazaizkigu, baietz esaten dugu. Zumaia bizirik dago, talde asko dago, eta gure artean kolaboratzea eta elkarlanean jardutea eskertu egiten dute herritarrek".