Zumaiako udarekin lotura estua duen pilota txapelketa da hau. 1971. jokatu zen lehen aldiz eta ordutik urtero jokatu da 1981an izan ezik. Hasiera batean Odieta frontoian jokatzen zen, baina hura eraitsi zenean eta Zumaiak une hartan beste frontoi estalirik ez zuelako, Zestoan jokatu izan da urte batzuetan. Azken hiru urte hauetan Zumaiako Aitzuri frontoi luzean jokatu dira partidak.
Txapelketak izan ditu aldaketak, eta ez frontoietan bakarrik. Sorreratik 1987. urtera arte pala motzean eta eskuz jokatu ziren partidak, eta beteranoek ere lehiatzeko aukera izaten zuten. Bi modalitate hauek 2007ra arte jokatu ziren, baina azken bi hamarkada horietan beteranoak kanpoan geratu ziren. Azken 11 edizioetan, aldiz, eskuzko partidak bakarrik jokatu dira: afizionatu mailakoak alde batetik, eta gazte-jubenil mailakoak bestetik.
40 pilotari arituko dira lanean aurtengo txapelketan: gazte-jubenil mailako 16 eta 23 urtez azpiko 24. Gipuzkoarrak dira gehienak, 21 pilotari guztira; Nafarroakoak bederatzi dira, bizkaitarrak zortzi, eta Arabako eta Errioxako pilotari bana arituko dira lanean.
Afizionatu mailan Dinastian arituko direnen artean badira batzuk dagoeneko enpresa profesionalekin aurrekontratuak dituztenak. Hala, Jon eta Unai Alberdi azpeitiarrek, eta Sergio Gutierrez aurrelari errioxarrak Asegarcen jokatuko dute etorkizunean. Aspe enpresarekin arituko diren pilotarien zerrenda luzeagoa da: Oier Etxebarria, Oscar Lerena, iazko irabazle Iraitz Zubizarreta, Hodei Exposito, Julen Egiguren eta Unai Mata dira Asperekin aurrekontratua dituztenak.
Enpresa profesionalekin oraindik traturik ez dute beste pilotariek, baina, Jexux Iribarrek dioenez, afizionatu mailan punta puntan dabiltza Iker Salaberria, Peru Labaka, Iñaki Elola, Ioritz Egiguren, Beñat Garmendia, Unai Iriondo, Julen Aizpuru eta Iñigo Bikuña.
“Jubenil mailakoak denak punta puntan dabiltza, herritarra den Larrañaga kenduta, baina hau ere oso aurrelari polita da”, nabarmendu du Iribarrek.
Lehen partidak eta sarrerak
Hasteko, ostiral honetan, hilaren 27an, eta datorren ostegunean, abuztuaren 2an, 23 urtez azpikoen final zortzirenak jokatuko dira. Lau irabazleak final laurdenetara pasako dira, eta han zain izango dituzte beste lau bikote. Final laurdenetan hasiko dira lanean, baita ere, gazte mailako pilotariak. Final laurdenak abuztuaren 6an, 9an, 13an eta 14an jokatuko dira, finalaurrekoak abuztuaren 20an eta 23an, eta finala abuztuaren 30ean. Jardunaldi guztiak 22:00etan hasiko dira.
Hasteko, ostiralean, honako neurketak izango dira: Zubiria-Olaizola, Jon Alberdi eta Zezeagaren aurka, eta jarraian, I. Egiguren-Sanchez, Exposito-Irazustabarrena partida jokatuko da.
Final zortzirenetako eta final laurdenetako sarrerak 6 euroan izango dira salgai, iazko prezio berean. Hortik aurrera euro bat garestiagoak izango dira iazko txapelketarekin alderatuta: finalaurreko sarrerak 7 euro balioko dute eta finalekoek 9 euro. Txapelketa osorako bonoa erosteko aukera ere izango da 32 euroan. Pilotarien dietak garestiagoak direlako igo dituzte sarreren prezioak ere, adierazi dute antolakuntzatik.