Herri musikatik jazzerako bidea eskaini du Khami taldeak

Baleike 2018ko abuztuaren 3a

Herri musika eta jazza bata bestearengandik hain urruti ez daudela erakutsi zuen atzo Khami taldeak Zumaiako Musika Jaialdiaren barruan eskainitako kontzertuan. Beroari aurre eginez, herritar ugari hurreratu zen Aita Marira kontzertua entzutera. 

Khami taldearen oinarria euskal musika tradizionala da. Baina, ez da horretara mugatzen; euskal musika abiapuntu moduan hartzen du musikan zehar bidaia erakargarria eskaintzeko. Bitxia da, gainera, proiektu honen atzean Talavera de la Reina (Toledo) hiriko lagun bat dagoela: Carlos Sagi bateria-jolea hain zuzen ere. Euskal musikaz maitemindu zen eta Iraide Ansorena perkusio-jolearekin sortu zuen talde hau. Musikari bikainez inguratzeko jakituria ere izan dute.

Iñaki Salvador (pianoa), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Garikoitz Mendizabal (txistua eta alboka) musikariek bere maisutasuna erakutsi zuten atzoko kontzertuan. Gari Otamendik, gainera, dantzak gehitu zizkion proiektuari. Denen artean, modu organiko batean uztartu zuten euskal musika tradizionala eta jazza.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide