Tailerra oso ondo joan zen. Bero handia egin zuen, baina Udalak utzitako karpen azpian ondo moldatu ziren parte hartzaileak. 25 bat lagun bildu ziren, ume zein heldu, eta bilketa txiki bat egin ondoren, musika tresna pare bat egiten aritu ziren, argazkian ikus daitekeen elefantubaren modukoa: itsasontzi baten sirena edo elefante baten ahotsaren soinua egiten zuen, eta izen hori eman zioten bertan bildu ziren umeek.
Hondartza egunero garbitzen badute ere, hondakin dezente bildu zutela adierazi dute parte-hartzailee, "batez ere haitzetan, baina baita ere hondartzako erabiltzaileek hondarretan utzitakoak ere: plastikozko botila (Itzuruntxikiko lehen metroetan bakarrik 100 bat) eta zorroak, eta zigarrokinak. Latak ere bazeuden (16), tapoiak (73), poliespana, sokak, pare bat kartutxo, kristalezko botilaren bat, arrantza-tresnen hondarrak... tamalez, urertzean ohikoak diren hondakinak, eta itsasoan milaka urtez irauten dutenak".
Sentsibilizazio kanpaina hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak antolatu du, Surfrider eta Posidonia Green Festival elkarteen laguntzarekin. Zumaian, Mutrikun eta Deban Geoparkearen laguntza izango dute, baita Donostian abuztuaren 24an egingo den jardunaldian ere.