Finalean beterania eta gaztetasuna uztartuko dira. Batetik bi beterano arituko dira, Mikel Egiguren eta Eric Irastorza. Biek 40 urte bete dituzte jada, baina sekulako maila erakusten ari dira. Aurrelari beterano batek eta atzelari gazte batek osatutako bikotea izango dute aurkari: Iñaki Osa Goikoetxeak 38 urte bete ditu, baina biziberritu egin dela dirudi eta joko ikusgarria ari da erakusten. Atzelari lanetan Lekerika gaztea izango du. 23 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko Dania Jai Alai frontoiko aurtengo denboraldiko atzelari onenaren saria jaso du. Profesional mailan sari handi bat irabazteko gogoz da gernikarra.
Aurretik beste lau pilotari handi arituko dira Gernikako frontoian: Olharan eta Lopez, Beaskoetxea eta Hernandezen aurka.
Sarrerak Gernikako turismo bulegoan ari dira saltzen eta litekeena da larunbaterako agortzea.