Zumaiak Pasaiako lehen jardunaldia baliogabe uzteko bigarren helegitea aurkeztu du

Baleike 2018ko abuztuaren 11

KAE-1 ligako estropada jokatuko da gaur Astilleron (Kantabria). 16:30ean hasita, Real Astillero de Guarnizo bandera jokatuko da eta bertan izango da Zumaiako ontzia. 

Egoera kezkagarrian aurkitzen da Zumaiako Telmo Deun. 9.a da sailkapen orokorrean, 44 punturekin. Kontua da San Juan bi puntu eskasera dagoela, 42 punturekin, aurreko asteburuan lau puntuko aldea jan ondoren. Gaur egun San Juanek eta 24 puntu dituen Hibaikak jaitsierako play offa jokatuko lukete. San Juanekiko aldea zabaltzea izango da zumaiarren lana gaur. 

Pasa den astean Pasaian jokatutako Igartza banderak hizpide izaten jarraitzen du. Berria egunkariak jakitera eman duenez, "Zumaiak ligako epailearengana jo du aurreko larunbateko estropada baliogabe utz dezala eskatzeko, lehiaketa batzordeak aurreko helegitea baliogabe utzi eta gero".

Jakina den bezala, Zumaiak lehen helegite bat aurkeztu zuen larunbateko estropada eremua araudiak dioena baino luzeagoa zelako. Helegitea, baina, ez zuen aintzat hartu epaileak. Hark adierazi zuen larunbateko estropada erlojuaren aurka zela, banaka, eta ontzi guztiak kale beretik aritu zirela. 

Baleikek jakin du epailearen gastuak, 2.00 euro, klubak ordaindu beharko dituela epaile honek Zumaiari arrazoirik ematen ez badio. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide