Jon Mujikak eta Amaia Iriartek irabazi dute Itzurun-Arranpla igeriketa proba

Baleike 2018ko abu. 12a, 00:17

Jon Mujika Arranplara iritsi denean. Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

42 minutu eta 42 segundo behar izan ditu Jon Mujikak Itzurundik abiatu eta Arranplaraino dauden 3.000 metroak osatzeko. Amaia Iriarte ez da askoz atzerago ibili, 44 minutu eta 20 segundotan gelditu baitu erlojua.

Udako giro ederra eta marea goian, Itzurun leporaino bete da gaur arratsaldean. Hondartzaz gozatzen ari ziren lagunei 300 igerilari gehitu zaizkie gaur, Itzurundik Arranplaraino joateko helburuarekin. Itsasoan metro inguruko olatuak, baina garbi samar zegoen, eta igeri egiteko iaz baino baldintza hobeak izan dituzte gaur. Hala ere, beti da gogorra ibilbide hau, aurrena Itzurundik irten egin behar baita olatuaren kontra, eta gero paol muturreraino alboz jotzen duelako uneoro olatuak. Trabeskako olatu horri neurria hartzen ez dionak gogotik sufritzen du. 

Lauretan puntuan abiatu dira igerilariak, ia ur ertz osoa zabalean hartuta. Itzurun aurreko buia gainditu eta paol muturrera abiatu dira, Mariantongo punta pasata. Jon Mujika aldea zabalduz joan da pixkanaka. Iaz ere berak irabazi zuen, baina aurkari gogorrak zituen gaur uretan, besteak beste, Getaria-Zarautz probako irabazle Nikolas Illarramendi.

Baina Mujikak neurria hartua dio probari eta aldearekin iritsi da Arranplara. Bergararraren atzetik, taldetxo batean, Illarramendi zarauztarra (44:05), Xabier Gordoa oñatiarra (44:08), Ander Vilariño (44:14) donostiarra, eta Amaia Iriarte burlatarra (44:20). Sekulako maila erakutsi du Iriartek hain aurrean sartuta. Bigarren emakumea iazko irabazle Amaia Zendoia izan da (44:45), eta Ana Vegak osatu du podiuma (46:51), biak donostiarrak.

Zumaiarren artean Mikel Mangas (44:37) eta Deñe Izaga (1:06:31) izan dira onenak.

Bihar goizean izango dituzue ikuisgai Peio Romatetek eta Arnaitz Rubio Apreak ateratako argazkiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide