Pasaiako Igartza bandera gorabeheratsuaren ondoren jokatzen zuen lehen estropada zen atzokoa. Sailkapenean hurreratu zitzaion San Juani punturen bat sartzea zen zumaiarren helburua, eta nahiz eta estropadako lehen luzeetan aurretik ibili, hirugarren ziaboraren ondoren San Juanek aurrea hartu zion. Gauzak errematatzeko, Arkote bien artean kokatu zen: San Juan 8. izan zen, Arkote 9., eta Zumaia 10.
Astilleroko estropadaren ondoren San Juan eta Zumaia 47 puntura daude sailkatuta, baina Zumaia atzetik da sailkapenean, 10. postuan. Hiru estropada falta dira liga amaitzeko eta oraindik badago bolada txarrari buelta emateko aukera. Hurrengo estropada asteazken honetan jokatuko da Plentzian, 12:20etatik aurrera.