Gaurkoa egun historikoa izan daiteke Urrezko Eskularruarentzat, eta, bereziki, Eric Irastorza atzelariarentzat. Bidarteko pilotariak hamargarren eskularrua irabazteko aukera du gaur. Beaskoetxearekin lau txapel irabazi ditu, Baronioekin hiru, eta Olharekin eta Garciarekin bana. Gaurkoan Goikoetxea izango du aurrelari lanetan. Harrigarria bada ere, zumaiarrak ez du txapelketa hau inoiz irabazi.
Aurkariak Jean Dominique Olharan eta Nicolas Etxeto izango dituzte, Pabekoa lehena eta Ahetzekoa bigarrena. Etxetok 2012an irabazi zuen txapelketa hau Beaskoetxearekin; Olharanentzat lehen eskularrua izango litzateke.
Partida 21:30ean hasiko da Euskal Jai frontoian eta Frantziako Canal Plusek emango du zuzenean.