Iñigo Peñak brontzezko domina lortu du K-4an

Baleike 2018ko abuztuaren 25a

Hirugarren postuan sailkatu da Francisco Cubelosek, Iñigo Peñak, Ruben Millanen eta Pelayo Rozak osatutako K-4a, 1.000 metroko proban. 

Cubelosekin K-2an zilarrezko domina lortu ondoren, K-4ko finalak jokatu dituzte gaur Portugalen. Ruben Millanekin eta Pelayo Rozarekin batera jokatu dute 1.000 metroko proba, eta hirugarren helmugaratu dira, alemaniarren eta eslobakiarren atzetik. 

Atzoko finalean gertatu bezala, probaren azken metrotan eman dute onena. Izan ere, bosgarren postuan zeharkatu dituzte 250 metroko eta kilometro erdiko partzialak. 2:59.341 denboran osatu dute proba, irabazleengandik 1,39 segundotara. 

Zilarrezko domina irabazi ondoren elkarrizketatu zuten Peña Euskadi Irratiako Hiru Erregeen Mahaia saioan. Pozik dago emaitzarekin: "Beti aurreko postuetan ibiltzen naiz borrokan, baina ez nuen dominik lortzen. Azkenean lortu dut, oso pozik nago". Irabazleengandik 82 ehunekotara soilik helmugaratu arren, atzo lortutako zilarrezko dominak "urrearen balioa" du zumaiarrarentzat. "Urrea gertu zegoela pentsa nezake, baina oraindik txapelketa asko ditut aurretik", azaldu zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide