Partida lehiatua izan zen ostiralekoa, bereziki lehen setean. Zulaika eta Minvielle aurretik izan ziren (4-8, 10-12), baina Egiguren eta Lopez gai izan ziren azken bost tantuak egiteko eta, hala, lehen seta eskuratzeko. Bigarren setean beti joan ziren aurretik, alde txikiarekin izan bazen ere. 15-11 emaitzarekin nagusitu ziren Egiguren eta Lopez eta, ondorioz, beraiek dira Zumaiako Masters Serieseko lehen finalistak.
Ostiral honetan, hilaren 31n, jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Iñaki Osa Goikoetxea eta Irastorza, Olharan eta Etxetoren aurka arituko dira. Jaialdia 22:00etan hasiko da Aitzuri frontoian, eta sarrerak 10 euroan izango dira salgai.
Lopez Donostiako finalera
Ia atsedenik hartu gabe, Imanol Lopezek Donostiako Masterseko finalaurrekoa jokatu zuen larunbatean Balda frontoian. Egigurenekin jokatu behar zuen, baina aurrelariak arazo fisikoekin amaitu zuen bezperan Donostian, eta bere ordez Alberro aritu zen. Hiru set behar izan zituzten Zulaika eta Irastorzari irabazteko eta, ondorioz, finalera heltzeko. Aurkariak Olha eta Inza izango dituzte.