Dinastia Etxabeko finalak jokatuko dira gaur Aitzurin

Baleike 2018ko abuztuaren 30a

47. Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalak jokatuko dira gaur, 22:00etan hasita, Aitzuri frontoian. Jubenil eta 23 urtez azpiko pilotariak arituko dira txapel preziatuaren bila. Sarrerak 9 euroan izango dira salgai frontoiko leihatilan. 

Azken uneko ezustekorik ez bada, behintzat, finalaurrekoetan irabazle izan ziren zortzi pilotariak izango dira gaur txapelaren lehian. Norgehiagokak hauek izango dira:

Jubeniletan: Julen Alberdi-Gartzia / U. Alberdi-Ibarloza.
23 urtez azpikoan: Salaberria-Otaduy / Lerena-Bikuña.

Gaur egun maila hauetan ikus daitezkeen partida onentsuenekin gozatzeko esperantzarekin hurreratuko dira gaur pilotazaleak Aitzurira.

Sari banaketa ekitaldian, eta aurreko urteotan egin bezala, Zumaiako pilotari ohi talde bat ere omenduko du Zumaiako Kirol Elkarteak, txapelketa honen antolatzaileak. Gaur omenaldia eta bertaratutakoen txaloak jasoko dituzten pilotari ohiak Telmo Lisbona Txapartegi, Julian Berastegi Goikoetxea, Jose Antonio Aizpurua Irureta, Angel Goikoetxea Elustondo, Andres Hernandez Martin eta Jose Mari Azkue Osa izango dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide