‘Haizearen egia’, Saharako istorio bat fikzio moduan kontatua

Baleike 2018ko abuztuaren 31

Ekain Albite zumaiarrak Haizearen egia izeneko film laburra grabatuko du 2019ko hasieran. Saharako herria eta Euskal Herri lotzen dituen ikus-entzunezkoa izango da. Darahli elkartea eta Zinea Sortzen ekoizpen etxea daude atzean.

Darahli elkartearen lehen hamar urteak kontatzen dituen dokumentala aurkeztu zuten iazko martxoan. Darahli 10 urte: hautsitako denbora zuen izena ikus-entzunezko hark, eta bere egilea RecRea produkzio taldea izan zen. Herriko gazte talde batek osatzen zuen produkzio etxe hark handik gutxira utzi zuen bere jarduera. Bere kide batzuek, baina, ikus-entzunezkoen, edo, hobe esanda, zinearen bidea jarraitu dute.

Ekain Albite gazte zumaiarra da horren adibide. 19 urteko gazte hau zinea ikasten ari da gaur egun Bartzelonan. Gidoigintzan, zuzendaritzan edo muntaian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango du eskutan duen proiektu bati esker: Haizearen egia film laburrarekin, hain zuzen ere. Maluta films, Zinea Sortzen Donostiako ekoizpen etxea eta Darahlik elkarlanean gauzatutako proiektu honek Sahara eta Euskal Herriaren artean girotutako istorio bat jasotzen du. Gidoia prestatuta, 2019. urtean grabatzen hastea aurreikusten du zuzendari gazteak.

«Dokumentalarekin gustura geratu ginen, bai Darahli, baita gu ere. Haren ondoren, [Darahliko koordinatzaile] Samuel Ruizek zerbait handiagoa egitea proposatu zuen. Baina zer? Hura airean geratu zen eta Bartzelonan nintzela pentsatzen jarri nintzen», dio Albitek. Ordura arteko ikus-entzunezkoek Saharako herriak azken hamarkadatan pairatu duten exilioa eta borroka jasotzen dutenaren jakitun, gaia kontatzeko beste modu bat aurkitu nahi zuen. Fikziozko film labur bat egiteko ideia izan zuen, «bertako istorio bat kontatzen duena, baina ohiko dokumentaletatik ihes egiten duena». Maluta films, Donostiako Zinea Sortzen ekoizpen etxea eta Darahli beraren arteko proiektua da hau.

«Saharako istorio bat kontatu nahi nuen, baina Euskal Herriarekin ere harremana izango zuena. Ezagutzen ditudan sahararrekin behin eta berriro hitz egin dut. Haietako batek bere herriko tradizio bat kontatu zidan, eta hura izan zen kontatuko dudan istorioaren abiapuntua», dio zumaiarrak.

Elkar ulertu ez diren aita-alabaren bizitza kontatuko du pelikula honek. Aitak etxetik botako du alaba eta hau Euskal Herrira etorriko da bizitzera. Baina, aita hiltzean kanpalekuetara bueltatu da eta bertan tradizioekin topatuko da berriro.

Behin gidoia idatzita, finantziazioa lotzen ari direla adierazi du Albitek. Ondoren hasikoko dituzte grabazioak. «Euskaraz dakien saharar neska bat aurkitu nahi dugu, eta baita aitarena egingo duen pertsona bat ere». 2019 urte hasieran kanpalekuetara joateko asmoa erakutsi du Albitek bertakoei proiektuaren berri eman eta lehen irudi batzuk grabatzeko. Grabazioaren beste zatia Zumaian egitea aurreikusten du, udaberrian, printzipioz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide