Goikoetxeak ezin izan du Grand Slamen errepokerra egin

Baleike 2018ko abuztuaren 31

Internationauxeko Grand Slamaren finala jokatu zen atzo Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoian. Iaz lortutako txapela berresteko asmoarekin atera zen Iñaki Osa Goikoetxea, atzokoan Ekhirekin, baina ezin izan zuen Erkiagak eta Irastorzak osatutako bikotearen aurka. 

Hossegorreko, Gernikako, Hondarribiko eta Miarritzeko Grand Slamak irabazi ondoren, repokerra egiteko aukera zuen atzo Goikoetxeak Donibane Lohizunen. Baina, oraingoan aurkariak nagusitu ziren. 

Partida serioa izan zen atzokoa. Goikoetxea eta Ekhi aurretik jarri ziren lehen setean (4-1), baina Erkiagak eta Irastorzak ez zuten ezer oparitzeko asmorik eta bosna berdindu zuten. Set oso berdindua eta lehiatua izan zen. 12nako berdinketaren ondoren, Goikoetxeak eta Ekhik azken hiru tantuak egin zituzten eta 15-12 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta.

Bigarren setean 1-7 emaitzarekin jarri ziren aurretik Erkiaga eta Irastorza. Tantu batera hurreratu ziren atzo gorriz jantzitako Goikoetxea eta Ekhi, baina urdinek aldea zabaldu zuten berriro (6-10). Berirro ere tantu batera hurbildu ziren (10-11), baina ez zen nahikoa izan bigarren seta irabazteko. 12-15 emaitzarekin eskuratu zuten seta Erkiagak eta Irastozak. 

Berdinketa hausteko setean 1-0 aurretik jarri ziren gorriak, baina Erkiagak eta Irastorzak bost tantu jarraian egin zituzten eta beraientzako izan zen seta, partida eta txapelketa. 

Hemen ikus dezakezue atzoko jaialdia:

Gaur Zumaian

Zumaia Masters Serieseko bigarren finalaurrekoa jokatuko da gaur Aitzuri frontoian (22:00etan). Goikoetxea eta Irastorza, Olharan eta Etxetoren aurka arituko dira. Egiguren eta Lopez dagoeneko finalean dira, lehen finalaurrekoa irabazi ondoren. Finala igandean jokatuko da, 18:00etan, Aitzurin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide