Olidenek eta Alkortak irabazi dute Itzurungo txapelketa, baina kostatuta

Baleike 2018ko irailaren 1a

Aitzol Oliden eta Jon Alkorta dira aurtengo Itzurungo txapeldunak. Final arratsalde gustagarri bat bizitzeko aukera izan genuen atzo. Pilotazale askoren presentziarekin ederki girotutako bi pilota partida polit ikusteko parada izan zen, asko txalotutako tanto ugarirekin.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko final atariko norgehiagokan denetik egon zen, pilotakada ederrak, tanto politak eta markagailuan ere dezenteko gorabeherak. 3-0 eta 6-1 nabarmen aurretik jarri ondoren gerriko gorridun Odriozola eta Martija, 7-5, 8-6 eta 9-7 bi tantora hurreratu ziren gerriko urdindun Aimar Mendizabal eta Unanue. Bederatzinakoa izan zen lehenengo berdinketa. 10-11 aurretik jarri ere bai ordura arte atzetik zihoazenak. Baina, 11-11 et 12-12 berdinduta egon ondoren, 16-12 ihes egin zuten berriro ere gerriko gorridunak. Mendizabal eta Unanue ez zeuden, baina, ezer oparitzeko, eta 17-15 eta 18-16 bi tantotara jarri ziren. Hortik aurrerako lau tantoak Odriozola eta Martijaren alde erori ziren. Azkenekoa, eta partiduari amaiera eman ziona, Ander Odriozolaren ezker gantxo polit batetik etorri zen, pilotazaleen txalo zaparrada haundi batekin amaiera emanez partiduari.

Bigarrengo partiduan 0-1, 1-2, 2-3, 4-3, 4-5, 5-6, 6-7, 8-7, 9-8 eta 10-9, zakurra eta katua bezala elkarri hortzak erakutsiaz ibili ondoren, 14-10, 15-11 eta 20-11 aurreratu ziren gerriko gorridun eta faborito ziren Oliden eta Alkorta. Lau tanto jarraian egin ondoren, 20-15era hurreratu ziren Sasiain gaztea eta Gorostola beteranoa. Hurrengo tantoa erabakigarria izan zen, eta beste asko bezala luze eta gogor lehiatu ondoren, Olidenek hormabikoa, Sasiainek jaso eta dejada zabalean, eta Olidenek bere burua lurrera boteaz zabaletik zabalera ziztada eta tanto: 21-15. Gerriko urdindunek hala ere temati jarraitu zuten lanean, eta beste lau tanto egin ere bai. 21-19, bi tantotara jarri ziren, baina 22garrena faboritoen alde erori zen, eta 22 eta 19 azkenean garaile Oliden-Alkorta bikote oikiarra.

58 minutu iraun zuen partidu gogorra eta ikusgarria eskaini zuten lau pilotariek, tanto asko izan zirelarik txalotuak, eta hauetatik espresuki aipatzekoak urdinak egindako 5-6koa, eta gorriak egindako 14-10 eta lehen aipaturiko 21-15ekoa.

Eskertzekoa lau pilotarien ahalegina eta gogoa, Aitzol OlideneK asko eta ondo jokatu zuelarik, eta Joakin Gorostola beteranoak berriz zer esanik ez, jaso eta jaso, ekarri eta ekarri, bikain biak. Bikote lagun Xabat Sasiain gaztea aurreko koadroetan eta Jon Alkorta atzean, jokoan gutxiago sartu ziren, aurrelari zestoarrak erremate politak eta pilota zail batzuk jasoaz eta oikiar Alkorta berriz beti bezain seguru atzeko koadroetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide