Gimnasioko saioa egin ondoren, dutxatu berria agertu da Ruben Arredondo, Zumaiako boxeo eskolako arduraduna eta Zumaia Cuban Boxing klubeko entrenatzaile eta zuzendaria. Ohikoa den bezala, irribarretsu dator eta, elkarri burlaka aritu ondoren, boxeo jarduerarako Lubakin erabiltzen duen gelara igo gara hitz egiteko.
Habanan, Kubako hiriburuan jaioa, 13 urte daramatza Rubenek gure artean. Nerabe zela boxeolaria izan zen jaioterrian, eta 30 urteak ondo beteta zituela, Kuba utzi eta Europara etorri zen bizimodua ateratzera. “Etorri nintzenean Angel Goikoetxearen jatetxean hasi nintzen lanean, Donostian. Han lanean nintzela izan nuen boxeo eskola zabaltzeko burutazioa”. Denborarekin, boxeo eskola bakarrik ez, kluba ere sortu du eta borrokaldiak ere antolatu ditu Lubaki kiroldegian. Ekainaren 30ean egingo da hurrengoa, 20:00etan hasita. Gipuzkoako boxeo txapelketa Zumaiara ekartzea zuen Rubenek buruan, baina elkarrizketa hau egitean, artean zehaztu gabe zuen zer-nolako borrokaldia izango den.
Noiz hasi zinen boxeatzen?
13 urterekin hasi nintzen. Eskolan nengoen eta talentu berrien bila zebiltzan pertsona batzuk etorri ziren. Gazteen bila joaten dira eskoletara, eta gorpuzkeraren arabera, kirol bat proposatzen dizute. Galdetu zidaten ea boxeoa praktikatu nahi nuen, eta Habanako gimnasio batean hasi nintzen. Urtebetera izan nuen lehen borrokaldia eta irabazi egin nuen. Handik, probintzia mailako eskola batera pasa nintzen, eta han bai, han hasi nintzen nire boxeoa garatzen. INDER (Kirolaren, Heziketa Fisikoaren eta Jolasaren Kubako Institutua) sistemaren barruan zegoen eskola hori, eta garrantzitsua da esatea kirola egiteaz gain, ikasketak ere bertan egiten genituela. Ikasketei berebiziko garrantzia ematen zieten. Adibidez, ikasgai bat ez bazenuen aprobatzen, ezin zinen lehiatu. Eskola horietatik Kubako kirolari on asko atera dira.
Probintzia mailako bi txapelketa irabazi nituenean pasa nintzen eskola nazionalera, eta haren ondoren hasi nintzen nazio mailako kopa eta txapelketetan parte hartzen. Guztira 186 borrokaldi egin nituen, eta erdia baino gehiago irabazi nituen. Probintzia mailako hiru txapelketa irabazi nituen, eta nazio mailako bat. Nazio mailan, baita ere, brontzezko domina bat lortu nuen taldeka, eta zilarrezkoa Desembarco del Granma txapelketan.
Zer urtera arte borrokatu zinen?
Txapelketa nazional batean lesio txiki bat izan nuen hatz koskor batean. Borrokaldi gehiago egin nituen ondoren, baina ringera igotzen nintzen bakoitzean zerbait arraroa sumatzen nuen. Medikuak esan zidan fisura bat nuela, eta denbora batez lehiaketak utzi behar izan nituen. Azkenean, lesio hori zela eta, boxeoa utzi nuen 19 urterekin, baina batxiler titulua lortuta utzi nuen eskola.
Lehiaketen falta hori sentitu al zenuen?
Bai, bai, beti gustatu izan zait lehiaketa. Lehiaketak kirolaria garatzen laguntzen du; esperientzia ematen dizu, eta aurkariekin lehiatzeak beste bizipen batzuk eskaintzen dizkizu. Kirolari bezala hazten laguntzen dizu lehiaketak.
Kubako selekzioarekin aritu al zinen inoiz?
Ez munduko txapelketetan, ezta joko olinpikoetan ere. Aurkari bat nuen; oso ona zen, hirutan izan zen munduko txapeldun, baita joko olinpikoetan ere. Bere pisuan onena zen.
Zer garrantzi du boxeoak Kuban?
Beste kirol batzuetan bezala, atletismoan edo beisbolean, esaterako (azken hori Kubako kirol nazionala da), boxeoan ere txapeldun handiak atera dira Kubatik. Betidanik onena izan da Kuba amateur mailan. Rion jokatutako azken joko olinpikoetan hala erakutsi du, baita azken munduko txapelketan ere. Sekulakoa da boxeoak Kuban izandako garapena. Orain Kubako boxeolari batzuk Estatu Batuetara joan dira, eta han ere maila ona erakusten ari dira. Bai, esan daiteke boxeoak garrantzi handia duela Kuban.
Lehen esan didazu 13 urte daramatzazula hemen. Nola eman zenuen saltoa?
Kubako selekzioan aritu zen judoka batek deituta etorri nintzen. Nik ez nuen hona, Euskal Herrira, etorri behar. Austriara nindoan. Lagun horrek lana zuen Austrian, ordurako finkatuta zegoen, eta laguntzeko deitu zidan. Baina, hemen, Zumaian, nire lehengusu bat bizi zen. Austriara nindoala aireportura etorri ziren kasu egitera, eta egun batzuk Zumaian pasatzera gonbidatu ninduten. Egun batzuetarako etorri nintzen eta azkenean hemen geratu naiz. Jada integratuta nago hemen.
Etorri eta urte batzuetara sortu zenuen boxeo eskola. Gogoan al duzu nolakoak izan ziren lehen pausoak?
Gipuzkoako Boxeo Federazioarekin jarri nintzen harremanetan gauzak nola ziren jakiteko, baina garai hartan boxeoa ez zegoen herrialdean oso garatuta, eta boxeo eskola gutxi zeuden Gipuzkoan. Lubaki kiroldegian aurkeztu nuen ideia, eta han hasteko aukera eman zidaten, baita bertan lanean hasi ere. Hasieratik ikasle ugari izan nituen. Lehen urte haietan Zumaiko ikasleak izan nituen, baina urte gutxira beste herrietako jendea etortzen hasi zen: Azpeitikoak, Azkoitikoak, Zarauzkoak... Noski, eskualdean zegoen boxeo eskola bakarra zen hau. Baina, azken urteotan, Zumaia bertako jendea etorri izan zait. Gaur egun 30 bat ikasle ditut.
Azken bi urte hauetan umeei ere boxeo eskolak ematen dizkiezu. Agian zailena gurasoak konbentzitzea izango zen. Izan ere, boxeoak ez du fama onik: kirol biolentoaren fama du.
Bai, baina oso bestelakoa da. Eskolan haurrak eta heldu asko kirola egitera datoz. Ez da kontakturik egoten. Ariketa taktikoak eta teknikoak egiten dira, baina jo gabe. Haurrekin lan egiteko Aldundira joan behar izan nuen, eta zer egin nahi nuen azaldu. Umeek ezin dute kontaktuko kirolik egin. Fisikoa lantzen dute, bizkortasuna, teknika, etab. Pentsa: orain bi kurtso hasi nituen haurren eskolak, eta hona etortzen den ume kopurua handitu egin da. Boxeoa ez da kirol bortitza, eta haurrak ondo pasatzera etortzen dira.
Hasi nintzenean, boxeoa kirol bortitza bezala zegoen ikusita, baina urteen poderioz lortu dut jendeak ulertzea boxeoa beste edozein kirol bezalakoa dela, ez dela ez odoltsua, ezta bortitza ere. Kirol olinpikoa da eta bere arauak ditu, eta gero eta jende ezagunagoak praktikatzen du. Eskolara haurrak etortzen zaizkit, nerabeak, neskak... Boxeoa beste edozein kirol bezala praktikatu dezakezu, eta kirol osoenetako bat da. Gero, borrokaldiak antolatu ditut, baita kluba osatu ere. Eskolara etortzen diren helduek beraiek erabakitzen dute borrokan egin nahi duten edo ez. Ez dut inor behartzen. Gogoan dut eskolara etortzen zen mutil bati borrokaldietarako prestatzea proposatu niola, horretarako aproposa ikusten nuelako. Hasieran ezetz esan zidan, baina, denborarekin, iritziz aldatu zen. Denbora honetan jende lehiakorra atera dut, eta aurten bertan emaitza oso onak lortzen ari dira.
Boxeoaz pentsatzen dudanean, agian pelikula asko ikusitakoa naizelako, bi irudi etortzen zaizkit burura: izerdi eta linimentu usaina duten gimnasio ilun eta zikinak, batetik; eta zirkuaren pareko borrokaldiak, bestetik.
Estatu Batuetan boxeoa downtownetan, auzo txiroetan jaio zen. Gimnasioak auzo horietan egoten ziren, eta hori da [zinemak] islatu duen irudia. Gimnasio horiek ez zituzten baliabide asko; kirol hori egiteko, ringa edo zakuak izatearekin nahikoa zuten. Agian Kubako gimnasioak ez zeuden oso hornituta material aldetik, baina baldintza horietan eta eskura zenituen gauza gutxi horiekin dena ematen zenuen.
Gero, boxeoa diru gehien mugitzen duen kiroletako bat da. Hala, Mayweather eta McGregorren arteko borrokaldiko irabazleak 380 milioi dolar poltsaratu zituen. Diru hori guztia egun bakarrean, ordu gutxi batzuetan.
Borrokaldi hori aipatzen duzunez, Conor McGregor irlandarra ez zen boxeoko borrokaldi batean inoiz lehiatu. Zirku moduko ikuskizun hauek onurarik ekartzen al diote boxeoari?
Asko hitz egin da horri buruz. Ikuskizun hutsa izan zen, dirua ateratzeko antolatutako borrokaldia. McGregor MMAtik (Arte Martzial Mistoak) zetorren, hango txapelduna zen, eta boxeoko munduko txapeldunaren aurka arituko zen. Denek zekiten aldea zegoela, boxeoa ezagutzen genuen guztiok genekien hori. Ezin zion Mayweatherri irabazti. Inoiz borrokaldi bat galdu ez zuenari, boxeoko elkarte guztien gerrikoak zituenari, nola irabaziko zion, bada? Hori ezinezkoa zen. Biek dirutza irabazteko prestatutako ikuskizuna izan zen. Kirolean batzuetan gertatzen den zerbait da hori. Diruak dena usteltzen du...
Zer egoeratan dago boxeoa gaur egun?
Euskal Herriaz hitz egingo dizut. Orain urte batzuk boxeoa ez zegoen orain bezainbat garatuta, baina, denborarekin, Euskal Herri mailan gorantz egin du, Bizkaian bereziki. 1950eko hamarkadan boxeolari batzuek ikusmina sortzen zuten. Orain antzera ari da gertatzen. Orain gutxi Europako boxeo txapelketa jokatu zen Bilbon, eta Kerman Lejarragak welther pisuan irabazi zuen. Kermanek Miribilla bete zuen! Boxeatzen duenean aretoak betetzen ditu. Ikusten da zalegoa berriro boxeoarekin dagoela.
_content.jpg)