Herriko bi pilotari finalean neurtuko zirelako edo, itxura polita erakutsi du Aitzuri frontoiko harmailak. Bete ez, baina eserlekuen bi heren inguru bete dira Jai Alai World Tourraren barruan sartzen den txapelketa honen finala ikusteko.
Lehen setaren erdira arte berdintasuna izan da bi bikoteen artean. Tanto ederrak ikusteko aukera ere izan da. Setaren erditik aurrera, baina, Goikoetxeak eta Irastorzak aurrea hartu dute eta 15-9 emaitzarekin irabazi dute. Bigarren setean ere emaitza parekoa izan da, 15-8 gaur kamiseta urdinarekin jokatu dutenen alde. Lehenengoa baino errazago irabazi dute bigarren set hau.
Sekulako udako denboraldia egiten ari dir Goikoetxea eta Irastorza, batera edo bakoitza bere aldetik. Goikoetxeak lau Grand Slam irabazi ditu: Hossegor, Gernika, Miarritze eta Hondarribia. Irastorzak, berriz, bere hamargarren Urrezko Eskularrua irabazi berri du, eta baita Donibane Lohizunen jokatutako Internationaux Grand Slam ere.
Aurretik gazteen arteko finala jokatu da. Hemen ere herriko kirolari bat atera da garaile, Cosme Agirre, hain zuzen ere. Thibault Basquerekin bikotea osatuta, bi setetan irabazi diete Jagoba Narbarte eta Arkaitz Izagirreri: 15-10 eta 15-9.