Piraguismoa berriro hizpide izango da Zumaian. Orain 10 egun Iñigo Peña izan zen protagonista, sprinteko munduko txapelketan lortutako bi dominei esker. Irati Osa gaztearen txanda da orain. Itxas-Gaineko piraguistak maratoiko munduko txapelketa jokatuko du 23 urtez azpikoen mailan, Espainiako selekzioko kide bezala.
Portugaleko Vila de Prado herrian jokatuko da txapelketa hau. Osak 11:50ean (Portugaleko orduan) izango du etzi estropada. 22,6 kilometroko proba egin beharko du. Cávado ibaian prestatutako zirkuituari sei itzuli eman beharko dizkio, bost eramaterekin. “Garraioak nolakoak izango diren esan digute dagoeneko. Estropada eremua ezaguna dut, orain pare bat urte Munduko Kopako proba batean lehiatu nintzen eta bertan”, azaldu digu txapelketaren atarian.
20 urteko zumaiarra gaur zen joatekoa Portugalera hamar egunez Madrilgo Blume errendimendu handiko zentroan kontzentratuta egon ondoren. Gaur bertan ibaian entrenatzeko asmoa zuen Osak.
Egindako denboraldi apartaren emaitza da munduko txapelketa honetan parte hartzea. Egindako denboraldiarekin gustura dagoela dio. “Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi ditut pistan, eta baita Euskadikoa maratoian ere. Espainiakoan ere podiumean izan nintzen. Ikusten dut urtetik urtera hobetzen ari naizela, urtero maila bat igoko banu bezala”, dio zumaiarrak.
Osak eta Arantza Toledo Gaztela-Mantxako piraguistak ordezkatuko dute Espainia estropada honetan. Ez da ezustekoa izan mundial honetara heltzea. “Sailkatze estropadako lehen biak joango ziren txapelketa honetara. Denboraldian zehar Arantza eta biok izan gara aurretik proba guztietan. Oraingoz ez zaigu inor hurreratu mundialerako postuak arriskuan jartzeko moduan”. Jakitun zen, baina, maratoia bezala proba luzeetan edozer gauza gerta daitekeela. “Arazo fisiko bat izan dezakezu, gaixotu, edo lehen postuan zaudenean irauli eta aukera guztiak galdu. Banekien, baina, ezer arraroa gertatu ezean mundialean izango nintzela”.
Maila goreneko txapelketetan aritua da Irati Osa. “Jubenil mailan bitan izan naiz munduko txapelketan. Baina haiek K-2an izan ziren, eta orain bakarka arituko naiz, gainera 23 urtez azpikoen mailan”. Hamar onenen artean sailkatzearekin pozik izango dela azaldu digu. “Aurtengo Europako txapelketan seigarren izan nintzen, baina mundialerako erreferentziarik ez dut. Maila handiena Europan dago, baina ez dakit beste herrialdetakoak zer mailatan dauden. Lehen hamar edo hamabiren artean sailkatzea espero dut. Saiatuko naiz, behintzat.
Denboraldi luzea
Orain ia urtebete hasi zuen Osak denboraldia, eta amaitu eta atseden pixka bat hartzeko gogoarekin sumatzen da. Aurtengo urtea amaitu ez badu ere, datorrenera begira dago piraguista gaztea. “Ostegunean amaituko dut denboraldia; larunbatean itzuliko naiz etxera eta hor parte asteko atsedena hartuko dut. Horren ondoren itzuliko naiz uretara. Oso luzea egiten da denboraldia. Hurrengo urtean, gainera, mundiala Txinan jokatuko da, urrian. Orain berriro entrenatzen hasten banaiz, 2019ko mundiala heltzerako urtebete baino gehiagoko denboraldia izango nuke gainean. Entrenatzaileekin hitz egin beharko dut urtea dosifikatzeko eta lan kargak planifikatzeko”.