Gazte talde hartako 74 lagun Larrabetzuko Bakeleku Udalekuetan izan dira begirale lanak egiten udan, uztailean eta abuztuan. 9 eta 12 urte bitarteko 31 ume saharar izan dira bertan. Esperientzia honetan parte hartu duten gazteak taldetan banatuta egon dira. “Astebeteko txandak egin dituzte eta bakoitzak 8-9 begirale izan dira”.
Bakelekua aurten Larrabetzuko herri eskolan kokatuta egon da. 31 haur, Saharako bi arduradun, sukaldari bat eta Zumaiako boluntarioak egon dira egunero bertan. Balorazio ona egin dute: “Oso gustura egon dira, eta begirale eta ume sahararren artean lan giro ezin hobea lortu dute”.
Eguneroko lana ongi kudeatu dituztela azpimarratu dute Darahlitik. “Janaria prestatzen, garbiketaz arduratzen, umeen arropa garbitzen eta jasotzen, umeak egunero dutxatzen, etab. Horrez gain, egunero kirol jarduerak eta tailerrak antolatu dituzte, eta noizbehinka irteerak egin dituzte: igerilekura, hondartzara edota inguruko herriak ezagutzera. Ume guztiak mediku azterketak egitera ere eraman dituzte, banan banan pedriatrarengana, oftalmologoarengana eta dentistarengana”.
Darahli elkarteak udalekua aurrera eramaten lagundu duten erakundeei, enpresei eta gazteei esker beroenak eman nahi dizkiete, “eta aurrera begira Saharako herriaren alde egingo ditugun ekintzetara ere gonbidatu nahi ditugu”.