Zumaiako Triatloi Taldeak antolatuta, sprint proba eta herrikoia jokatuko dira larunbatean. 15:30ean abiatuko dira proba herrikoiko triatletak: 350 metro egingo dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Federatuen probari, aldiz, 16:45ean emango diote hasiera, eta distantzia bikoitza osatu beharko dute kirolariek. 200 jokalarik hartuko dute parte proba herrikoian, eta 400 lehiatuko dira federatuenean.
Andoni Agirre izan da urte askoan triatloi taldeko presidentea, eta Joseba Amilibiak hartu zuen iaz haren lekukoa. «Agirre izan zen triatloiaren sorreraren erruduna. Hilzorian zegoen taldea bera ere, eta berak atera zuen aurrera». Nahiz eta izen emateak bete eta proba «polita» izan, krisi momentua izan zuen taldeak duela urtebete. «Karga handia zen, eta egiten genuen lan horrek merezi ote zuen pentsatzen egon ginen antolatzaileak». Horregatik guztiagatik triatloia antolatzeko lan taldeak sortu eta lana banatzea izan du helburu Amilibiak. Nolanahi ere, antolatzen parte hartzen dutenek errepikatu egiten dutela dio: «Zer lan dagoen ikusten dute, eta ondorioz, gehiago inplikatzen da».
Haurren duatloia antolatzen dute ekainean. «Horren ondoren, irailera begira jartzen gara jada. Astero bilera bat egiten dugu», dio Amilibiak. Lan guztiak aurrez egiten saiatzen da taldea, baina azken astean kontu pila bat izaten dituzte lotzeko: «Boluntarioak lotu behar dituzu, udaltzainekin hitz egin, federazioarekin... zoramena izaten da azken aste hau, baina ezin izaten dugu ukatu».
Borondatez egiten dute lan triatloi taldekoek, eta batzuetan nekagarria ere badela aitortu du Amilibiak. «Hori, esaterako, udalari transmititu nion. Aurten, hala ere, pozik gaude udaletxeak, boluntarioek eta gainontzeko herrietako triatloi taldeek erakutsi duten jarrerarekin». Zehazki, Getariako eta Zarauzko taldeekin egin dute harremana. Bertan jokatutako probetan izan ziren zumaiarrak laguntzen, eta Zumaian izango dira beraiek ere. «Horrez gain, asko lagundu digute herriko piraguistek, Olarru-Subek... giro oso mesedegarria dagoela iruditzen zait aurten, eta zortedunak gara», azaldu du triatloi taldeko presidenteak. Guztira, 130 boluntario izango dira Zumaian etzi, eta eskertuta agertu da Amilibia laguntzarekin.
Proba herrikoia
Triatloi taldeak duela urte batzuk egin zuen federatu gabekoentzat triatloi herrikoia antolatzeko apustua.
«Zaila izaten da, proba herrikoiak ez duelako dirurik ematen. Parte hartzaileek, gainera, zalantza asko izaten dituzte eta lagundu egin behar izaten diegu», azaldu du Amilibiak. Hala ere, antolatzen jarraituko dutela dio: «Hondarribian eta Zumaian soilik antolatzen da triatloi proba herrikoia Gipuzkoa osoan. Jendeak eskertu egiten du, eta antolatzen jarraituko dugu». Proba laua da, eta horrek izen emateak betetzen asko laguntzen duela iruditzen zaio triatloi taldeko presidenteari.
Sprint proba amaitu bezain laster ekingo diote sari banaketari, arratsaldeko 19:00ak aldean, anbulategi zaharraren parean. «Parte hartzaile guztientzat izango dira opariak», dio Amilibiak.