"Izenburua aproposa iruditu zitzaidan jakinda zer egunetan izango zen erakusketa. Hala ere, ez naiz erakusketei gaia jartzearen oso zalea. Ez dut serietan lana egiten, ezta gai jakinen inguruan ere. Ez naiz gai, ezta ere, erakusketa oso bat margotzeko, baina ikusita zer mundutan mugitzen naizen, gai aproposa iruditu zitzaidan”, jarraitu du.
Artista honek ezaguna du Zumaia. Izan ere, 2012ko kaleko pintura lehiaketa irabazi zuen. “Lehiaketara aurkeztu nintzen eta baita irabazi ere. Hura egun bakarrean egindako pintura da, egun hartako argiaren, giroaren eta atentzioa eman zidanaren plasmazioa izan zen hura. Erakusketara ekarri dudana estudioan egiten dudan lana da. Pertsonalagoa eta landuagoa da. Arrasto eta intentzio handiagoa du, lan prozesu handiagokoa”, azaldu du.
Errealismotik abiatzen da Alsasua bere lanak egiteko. “Errealismoa, figurazioa. Batzuek diote pintura hipererrealista egiten dudala, baina ni ez naiz iritzi horretakoa”, dio artista arabarrak. “Errealitatetik abiatzen naiz beti, pintore bezala kezkatzen nauten gauzetatik. Beti dira hurbil sumatzen ditudan gaiak, pertsona eta pintore bezala identifikatuta senti arazten nautenak”. “Kolorea, ordena eta bere konposizioa duen errealitate batean” oinarritzen dela dio Alsasuak.
Geruza ugariko lanek osatzen dute erakusketa hau, ikuslean halako harridura bat sortzen dutenak. “Koadro bakoitzaren barruan koadro gehiago daude, plano desberdinak, eta ateen eta leihoen bidez lortutako enfokeak. Kanpoaldetik begiratzen dut, eta gizakia paisaia baten barruan txertatu nahi izaten dut, ia hiritarrak edo ia landatarrak diren paisaietan”.
Hogei urte daramatza Alsasuak pintura munduan. Hasierako lan horietako bat, 1998ko gau giroko koadroa, du erakusketan. Besteak azken urteotan egindakoak dira. Horien artean daude zira baten inguruan egindako hiru lanak. “Esan dut ez dudala serierik egiten, eta hau, bai, esan daiteke serie bat dela. Azken aldian egindako lanak dira. Amaitutako lana baino, lan prozesua erakusten dudala esango nuke”.
Erakusketa honetan bere ibilbide osoko lanak biltzen dituela esan daiteke. “Hilabete batzuk behar ditut lan bakoitza egiteko. Niretzat ezinezkoa izango litzateke urtetik urtera erakusketa berri bat egitea. Ditudan lan garrantzitsuenak errepikatzen ditut eta berriak gehitzen dizkiet”.
Erakusketa irailaren 23ra arte izango da zabalik Oxford aretoan, egunero 18:00-20:00 ordutegian. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:30-14:00 ordutegian.
