Datozen hilabeteotan ekingo zaio Moilaberriko estazioa salerosteko prozesuari

Baleike 2018ko irailaren 19a

Gaur egun Eusko Jaurlaritzarena da eraikina. Behin salerosketa gauzatuta turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria kokatzea da Zumaiako udal gobernuaren nahia [zuzenduta].

Atzo goizean bertan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordean onartu zen salerosketa prozesua abiaraztea. Horrenbestez, orain arte Eusko Jaurlaritzaren jabegokoa den eraikina Udalak erosiko du datozen hilabeteotan.

Udal gobernuaren asmoa hain zuzen, bertan turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria jartzea da. "Biak dira Zumaiako balio geologiko eta historikoa herritik kanpo nazioarte mailan ezagutzera emateaz arduratzen direnak. Horregatik, bata zein bestearen lana osagarriak dira Zumaiako ondarearen balioa ezagutarazteko", aditzera eman dute.

Algorri Interpretazio Zentruko egungo eraikina bere aldetik, irakaskuntza eta hezkuntzara bideratuko da. "Erosketa honekin, gainera, eraikin horren degradazio eta zaharkitze prozesua eten eta erabilera berri bat ematea nahi dugu", jakinarazi dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide