Merkatari eta ostalari elkarteak izen eta logotipo lehiaketa abiatu du

Baleike 2018ko ira. 27a, 16:00

Urriaren 20ra arte jasoko dituzte proposamenak. 250 euroko bi erosketa bale izango dira sariak, bata logotipo onenarentzat, eta bestea izen onenarentzat. 

Zumaiako Merkatari eta Ostalari elkarteak izen eta logotipo lehiaketa abiatu du. Urriaren 20ko eguerdiko 12:00ak arte aurkez daitezke proposamenak; Turismo Bulegoan, Tximak ileapaindegian, Ardantzabide altzari dendan edo Bqd bidaia agentzian. 

Zumaian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrek hartu dezakete parte, eta bakoitzak hiru proposamen aurkez ditzake. Lanak aurrez argitaratu gabeak izan behar dutela zehaztu dute elkartetik. 

Izenaren diseinuak eta logotipoak erabilera anitza emateko modukoa izan behar du: argitalpenetan, prentsa oharretan, txarteletan... Beraz, koloretako diseinua eta tinta bakarrekoa aurkeztu beharko dira, A4 formatuan, bertikalean eta etzanean. Bestetik, euskarri digitalean (ahal dela pen drive batean eta pdf formatuan) eta paperean jasoko dituzte lanak. 

Lanak sinatu gabe aurkeztu behar dira, lanaren atzealdean ezizen bat idatzita. Gutun azal itxi bat eraman beharko dute parte hartzaileek, gainean eta atzealdean ezizen berbera idatzita. Barruan egilearen identifikazio datuak azaldu behar dira (izena, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa...). 

Epaimahaia eta sariak
Merkatari elkarteko Zuzendaritza Batzordeko partaideek eta diseinu grafikoko aditu batek osatutako epaimahaiak erabakiko du irabazleak nor diren. 250 euroko bi erosketa bale izango dira sariak, bata izen onenarentzat eta bestea logotipo egokienarentzat. Irabazlea pertsona bera balitz, bi sariak eskuratuko lituzke. 

Urriaren 26an aurkeztuko dituzte irabazleen lanak. Elkarteak hala erabakiz gero, lanak jendaurrean erakutsiko dituzte. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide