Urola Kostako LABek ordezkarien kurtso hasierako batzarra egin du gaur Zestoan

Baleike 2018ko irailaren 28a

Elkarretaratzea egin dute ondoren, "estatalizazioak dakarren prekarietatea" salatzeko. Horrez gain, aurten hil diren 50 langileak izan dituzte gogoan. 

Kurtsoari indarberriturik ekiteko, Urola Kostako LABeko ordezkariek batzarra izan dute goizean. Sindikatuaren plangintza osatzeaz gain, eskualdeko enpresetan garatu beharreko ekintza soziopolitikoa adostu dute. 

"Patronalak blokeaturik dituen hitzarmenak berrartzeko eta negoziaketetan ditugunak langileen mesedetan hobekuntzak izan ditzaten borrokatzeko bide orria" ezarri dute. Horrez gain, prekarietatea saltu eta gainditzeko bideak bilatzen jarraituko dutela zehaztu dute. 

Eskualde mailako herri ekimenez eta horiek bultzatzeko egin beharrekoez ere hitz egin dute, besteak beste, urriaren 20ko Orain presoak mobilizazioaz, Euskaraldiaz eta pentsiodunen aldarrikapenaz. 

Batzarra amaitu ondoren Zestoako plazan elkarretaratu dira, aurreko kurtso bukaeran egindako salaketari erantzuna emanez. Hala, estatu espainiarrak eta "sindikatu estatalistek" Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzeko planak martxan jarraitzen duela uste dute. Estatalizazioak prekarietatea ekarri besterik ez duela egiten iruditzen zaie, eta horrez gain, aurten hil diren 50 langileren heriotza gogoratu dute. 

Borrokan jarraitzeko konpromisoan berretsi dira, eta langileak zapalketak salatzera gonbidatu dituzte: "Gure eskua zabalik dago langile orori lagungarri izateko eta berekin batera borrokatzeko".

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide